Gasteizko Mugimendu Feministak eta Koloretxe taldeak Gasteizko itundutako ikastola batean mutil adingabe batek ikaskide bati egindako sexu erasoa salatu dute, baita kasu horretan epaileak emandako sententzia ere. Talde feministen esanetan, neska "berriro biktimizatzea" suposatzen du epaiak, hamar metroko urruntze agindua soilik ezarri duelako eskola eremuan. Aldiz, erasotzailea ikastetxez aldatzea eskatu dute talde feministek.
Mugimendu feministak azaldu duenez, 13 urteko neskak sexu erasoa jasan zuen 14 urteko mutilarengandik. Ikaskideak badira ere, erasoa eskola ordutegietatik kanpo gertatu zen. Duela aste batzuk epaia atera zen. Horretan, mutila "hamasei urtetik beherako pertsonaren aurkako sexu erasoaren delituaren egiletzat" hartu du epaileak. Agindu dituen neurrien artean, hamasei hilabeteko debekua ezarri du biktimarengana hurbiltzeko eta berarekin komunikatzeko. Alta, hamar metroko gutxieneko distantziako urruntzea agindu du eskola esparruan, eta 200 metro baino gutxiagokoa hortik kanpo.
"Neurriak urratu ditu"
"Erabaki judizial horrek urratu egiten du biktimak askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eta jasandako kaltetik berreskuratzeko duen eskubidea", salatu du mugimendu feministak. Gaineratu dutenez, sexu erasoaren eta epaiaren artean igarotako urtean zehar, mutilari kautelazko neurri gisa urruntze agindu hori bera ezarri zitzaion, eta urratu du. "Mutilak behin baino gehiagotan hautsi du agindu hori eskola eremuan. Urraketetako bat Gasteizko Udaltzaingoaren aurrean gertatu zen. Poliziak berak salatu zuen hori, baina Sara Mallen Basterra epaileak artxibatu egin zuen salaketa", adierazi dute.
Bitartean, biktimak laguntza psikologikoa jaso behar izan du erasoaren ondorioz, eta bere osasun egoera eta eskolako errendimendua nabarmen jaitsi dira. "Erakunde publikoek beren baliabide guztiak jarri beharko lituzkete indarkeria matxistaren biktimen erreparaziorako. Kasu honetan ez da betetzen ari, sexu erasoa jasan duen neskaren beharrak ez baitira errespetatu; babesgunea eta espazio segurua bermatzea hain zuzen", azpimarratu dute.
Familiak apelazio errekurtsoa aurkeztu du epailearen sententziaren kontra, baina azken erabakia hartzen den bitartean, irailerako premiazko neurriak har daitezen eskatu dute, eta ikasturtearen hasierako hilabetean, mutila ikastetxez alda dadin. "Eragindako minaren aitortza eta biktimaren bizi espazioarekiko errespetua hartzen ditugu kontuan neurri hauek aldarrikatzerakoan. Batez ere erasoa jasan duen gazteak eta bere familiak hala eskatu dutelako", esan du mugimendu feminista.
Alta, Gasteizko mugimendu feministak ikastolarekin hitz egin du, eta salatu dutenez, ez dute erasotzailea eskolaz aldatzeko erabakirik hartuko, "nahiz eta hori den ohiko prozedura ezagutzen ditugun antzeko beste kasuetan".