Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gaur iragarri du Gasteizen izango dela Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. gailurra. 2025eko udazkenean ospatuko dela aurreratu du, eta nazioarteko 2.000 aditu eta gobernuburu baino gehiagok parte hartuko dutela.
2024ko urritik aurrera Espainia izango da Gobernu Irekirako Aliantzaren Zuzendaritza batzordeko buru, eta horregatik egokituko zaio Pedro Sanchezi gailurra antolatzea. Gasteiz hautatu du horretarako, eta eskerrak eman dizkio Maider Etxebarriak. Alkateak adierazi du gailur honekin berriz ere kokatuko dela Gasteiz nazioarteko bilkura handien mapan.
Gobernu Irekirako Aliantza
"Gobernu irekia kudeaketa publikoaren oinarri" bilakatu nahi duela adierazi du Pedro Sanchezek. Gobernu Irekiaren Aliantza nazioarteko elkarte bat da, agintari eta gizarte zibileko eragilez osatua, eta helburuen artean dauka gobernu gardenak, inklusiboak, parte hartzaileak eta erantzuleak sustatzea. 75 herrialde eta 150 tokiko gobernu dira bertako kideak, Euskal Autonomia Erkidegoa barne.
Nazioarteko zortzi gailur egin dira orain arte, eta bederatzigarrena izango da Gasteizkoa. Orain arte gailurrak hartu dituzten hirietan txikiena izango da Arabako hiriburua, aurrekoak Brasilia, Londres, Mexiko hiria, Paris, Tbilisi, Ottawa, Seul eta Tallinn izan baitira.
Espainiako Diputatuen Ganberan egindako agerraldian, Sanchezek adierazi du Europar Batasunean hirugarren herrialdea dela Espainiako Estatua, datu gehien irekian dituena.