GORKA BRAVO

"Garai batean, eskaleen musika tresna izan zen zarrabetea"

Juanma Gallego 2024ko abu. 14a, 06:00

Gorka Bravo Barreiro musikaria. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Musika irakasteaz gain, herri tradizioari lotutako hainbat musika tresna jotzen ditu Bravok, eta zarrabeteari buruzko metodo bat ere ondu du. Denborarekin ahanzturan galdu egin zen musika tresna honek berpizkunde txikia bizi du orain Bravo bezalako musikariei esker.

Ez omen da erraza zarrabete bati soinu ona ateratzea, baina, ondo egiten denean, zinez doinu ederrak sortzen dira, mundu zahar baten oroitzapena gaurdaino ekarrita. Tresna horretan aditua da Gorka Bravo Barreiro (Gasteiz, 1984) musikari eta musika irakaslea. Folkarekiko eta, oro har, musikarekiko zaletasuna bultzatzeko espazio eta une egokiak sortzearen beharra azpimarratu du.

Nola egin zenuen topo zarrabetearekin?

Niretzat beti presente egon den tresna da. Beti jo nahi izan nuen, baina muga bat zegoen: ez nuen tresna jotzen zuen inor ezagutzen; gainera, oso tresna garestia da. Ezin daiteke, besterik gabe, halako bat erosi probatzeko. Bestetik, beti folk taldeak entzun ditut; Miradoiro La Musgaña, Berrogüetto... beti egon dira hor. Kepa Junkerak ere disko pare batean zarrabete-jole bat izan zuen kolaboratzen.

Nola gogoratzen duzu jo zenuen lehen aldia?

Jotzen nuen zenbait musikarirekin probatu nuen aurrenekoz. Oso musika tresna delikatua da; oso ezegonkorra. Soinua gaizki egiten duenean, zinez gaizki entzuten da. Nik uste dut tresna hau ahaztuta geratu izanaren arrazoia dela gaizki eraikitakoa eta gaizki doitutakoa izan zela sarritan. Euskal Herrian idatzitako zenbait testu historiko irakurtzen dituzunean, konturatzen zara zarrabetea larrutzen dutela.

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zarrabeteari buruzko testuak ditugu, beraz?

Bai. Osatuena agian Juan Mari Beltranek idatzitakoa da. Bertan, besteak beste, ikonografia aipatzen du. Lekeition jotzen egon ginenean ere ikusi genuen elizpean zizelkatuta dagoela zarrabete-jole bat. Testu ugari daude. Horregatik ezagutzen dugu euskaraz berezko izena baduela. XVI. mendean hasita daude erreferentziak.

"GAUR EGUN ZARRABETEAK ASKO HOBETU DIRA, ETA, HORREKIN BATERA, SOINUA ERE"

Izena bitxia da. Etimologian sakondu al duzu inoiz? Zaharra bete?

Egia esanda, ez dakit nondik datorren. Gaztelaniazko rabel euskaraz arrabita da; agian hortik joan daiteke kontua. Gaztelaniazko izena zanfoña da, baina, askotan deitzen zaio galizierazko zanfona izenarekin, bertan musika tresna oso zabalduta dagoelako. 

Ezegonkorra dela esan duzu. Nolakoa da ba zarrabete bat?

Ideia bat egiteko, nik beti esaten dut funtsean biolin mekaniko bat dela. Arkua beharrean, gurpila du. Biolinaren arkuak hasiera eta bukaera ditu, baina gurpila mugagabea da. Beraz, etengabean jotzen duen tresna da. Horrek ahalbidetzen du Erdi Aroan hain berezkoak ziren soinu horiek egitea, modu jarraian aritzen zirenak. Funtzionamenduari dagokionez, esku batekin gurpilari birak ematen zaizkio. Beste eskua biolinarekin bezala aritzen da, baina, zuzenean hatzekin hariak ukitu beharrean, teklen bitartez jotzen dira hari horiek.

Arreta bereziak behar dituela irakurri dut. Hala da?

Biolinei bezala, erretxina bota behar zaio, hariak ondo bibratu dezan. Ematen ez badu ere, biolin batekin antz handia du zarrabeteak, kasu bietan abiapuntua oso antzekoa delako.

Kasualitatez, aurreko egunean tekla-biola jotzaile bat ezagutu nuen. Nire ezagutza faltagatik, zarrabete bat eskuetan ote zuen galdetu nion...

Bai, nyckelharpa da hori. Oso antzekoa da, baina, gurpil bat eraman beharrean, arkua du. Euskal Herrian Xabi Zeberiok jotzen du tresna hori; Oskorri taldeko biolin-jolea izandakoa, Alos Quartet taldean jotzen du orain.

"ILUSIOA EGITEN DIT PENTSATZEAK NONBAIT JAPONIAR BAT 'ZAZPI JAUZI' JOTZEN EGON DAITEKEELA" 

Soinu oso berezia du; oso xarmagarria...

Bai. Gaur egun tresnak asko hobetu dira. Esku artean dudan tresna honek bost urte ditu. Euskal Herrian ez da antzinako tresnen alerik geratu, baina Galizian badira zenbait ale museoetan. Eta horiek ikusten dituzunean, zure buruari esaten diozu: "Halakoek ez dute soinu onik egingo, inondik inora". Aurrean esan bezala, ahaztu ziren soinu txarra sortzen zutelako.

Eboluzio biologikoarekin alderatzearren, ia-ia iraungi egin zirela esan genezake? 

Bai. Frantzian, adibidez, vielle à roue —bertan hala deitzen dute— mantendu izan da. Errege bat jotzailea zenez, bertan zaindu egin zuten: kontserbatorioetan erabili izan zen, eta ondo eraiki ziren. Ondorioz, soinu txukuna mantendu zuten. Hemen, aldiz, egon egon ziren, baina, hain zaila zenez ondo jotzea, ez zegoen inor zarrabetea jo nahi zuena. Ondorioz, eskaleen esku geratu zen. Orduan, musikaren gainean, bitxikeria gailendu zen. Itsuen koplak abesteko akonpainamendu bezala erabili izan zen. Erabilera hori ez zen tresnaren mesedetan izan: gozakaizten eta apurtzen ziren pixkanaka.

Bideetan zehar eramateko, ez dirudi tresnarik egokiena...

Hala da. Tresna nahiko hauskorra da. [Emiliano Arriagak idatzitako] Lexicón bilbaíno liburuan zarrabeteari buruz hitz egiten denean, aipatzen da soinu zatarra zuela, eta teklak "atso baten hortzen" parekotzat jotzen dira. Biraderadun organo mekanikoak ordezkatu zuela eransten du testu horrek. "Biak ala biak txarrenak dira!", dio azken aipamenak.

Gutxienez esan daiteke belaunaldi berriek distira bueltatu diozuela...

Hori luthierrek egin dutela esango nuke. Gaur egun ere tresna konplikatua dela aintzat hartuta, iraganean are zailagoa izango zen mantentzea eta jotzea. Tresnak asko berritu dira, baina egia da ere zenbaitzuk aldarrikatzen dutela aurretiko soinu tradizionalagoa.

Hara! Eskolak al daude honetan ere?

Bai, baina Euskal Herrian ez; ez gara hainbeste, kar-kar!

Verkami bidez Ehun doinuak liburua ateratzeko mikromezenasgo kanpaina abiatu zenuen...

Hala da. Azkenean aitzakia bat izan zen gauza berrietan lanean hasteko. Ez nuen hemen zarrabetea jotzen duen jenderik ezagutzen. Baina pixkanaka, batez ere ikastaroak ematen nituenean, tresna jotzen duen jendea ezagutu nuen. Guztiek berdina esaten zuten: jotzeko piezarik ez zuten, ezta norekin jo ere. Nik Sopuertako luthier bat aurkitu nuen, eta hori gertu izatea luxu bat da. Edozein arazo izanda ez duzu 700 kilometro egin behar. Ordubete batean Iñaki Berroetaren etxera joan naiteke arazoa konpontzera. Behin jendea eta luthierra edukita, hurrengo pauso logikoa zen jotzeko errepertorio bat izatea. Albokarekin ere gertatu zen: jatorrizko abesti batzuk baziren, baina ez zegoen errepertoriorik. Egin dudan metodo hau berariaz prestatuta dago musika tresna honetarako, euskal musika tradizionalera egokituz.

Argitaratzea lortu zenuen?

Bai, eta oso ondo funtzionatu zuen, gainera. Euskal Herritik kanpo ere. Halako metodo bat beharrezkoa zen. Horregatik argitaratu nuen euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Ona! Horrela, demagun, japoniar batek nahiko lukeela zarrab...

Bidali ditut liburuak Japoniara, bai!

Bai zera!

Benetan! Japoniara, Finlandiara... eta liburu asko bidali ditut Ameriketako Estatu Batuetara ere. Ilusio asko egiten dit horrek, pentsatzen dudalako nonbaiten egongo dela japoniar bat Zazpi jauzi bat jotzen zarrabetearekin. 100 abesti dira. Euskal musikaren abestiak izanda, dagoeneko existitzen diren diskoen erreferentziak daude, eta horrek jatorrizko abestira jotzea ahalbidetzen dizu. Hau garrantzitsua da. Irakasle batekin gauzak errazagoak direlako, baina, etxetik bakarrik ari zarenean, ez da hain erraza. Modu honetan, etxetik jo dezakezu, jatorrizko albistearekin batera. Norberak bakarrik jotzea baino askoz motibagarriagoa da hori.

"IKASI ONDOREN HELBURU MUSIKALAK IZAN BEHAR DITUZU; EZ BALDIN BADUZU NON JO, AKABO"

Gaita asturiarra ere jo duzu... Ez nekien galiziar gaitatik desberdintzen zirenik ere. Zein alde daude?

Gaita desberdinak dira. Morfologiatik hasita jotzeko moduraino. Asturiasko gaitaren kasuan, digitazioa albokarenaren antzekoa da. Digitazio itxia deitzen zaio. Hatz bat igo orduko beste bat jaitsi behar duzu beti. Beste gaitetan, berriz, hatz bat baino gehiago altxatzen dira. Ikusi gabe, zaila da azaltzea. Baina funtsean guztiek dute enbor komun bat, eta Erdi Arotik hasita oso lotuta agertzen dira Done Jakue bideari. Araban, batez ere xirolarrua egon zen.

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Araban ere gaita bat egon zela diozu?

Xirolarrua, bai. Juan Mari Beltranek eta Fernando Jalonek idatzi dute horri buruz. Oiartzunen xirolarrua jotzen duen talde bat dago, adibidez. 

Talde askotan zabiltza, EguzkiFole Fol de Sol, Sarrabete....

Nik banakako klaseak ematen ditut, baina asko gustatzen zait tresna bakoitzarekin ere taldeak sortzea. Hor jendeak ondo pasatzen duelako jotzen. EguzkiFolen galiziar gaita jotzen dugu. Sarrabeten  bigarren diskoa ateratzear gaude.

Harrobia ikusten duzu?

Gogoa badela esango nuke. Baina harrobi horri zerbait eman behar zaio; besteak beste, jo ahal izateko aukera. Helburu musikalak izan behar dituzu. Ez baldin baduzu non jo, akabo. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago