Alokabideren etxegabetze bati aurre egitera deitu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak

Erredakzioa 2024ko uzt. 15a, 16:01

Herrandarren kalean emandako etxegabetzeko irudia. Argazkia: Etxebizitza Sindikatua

Bi hilabeteko haurra duen familia bat etxegabetuko du Alokabidek Salburua auzoan, sindikatuak salatu duenez. Alokabidek gutxienez sei etxegabetze prozesu ireki dituela ohartarazi dute.

Ostegun honetan, uztailak 18, 10:30ean, etxegabetze bat gauzatzeko asmoa du Alokabidek Salburua Bulebarreko 64. zenbakian. Egun eta ordu horretan bertaratzeko deia egin du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, etxegabetzea gelditzeko helburuarekin. Izan ere, sindikatuak ohartarazi du "familia zaurgarria alternatibarik gabe kaleratu" nahi duela Alokabidek.

Bi hilabeteko haurra dauka familiak, eta iruzur baten biktima izan zela adierazi du Etxebizitza Sindikatuak. Webgune batean iragarkia ikusi ostean, 2.000 euro ordaindu zituen familiak eta etxera bizitzera sartu ziren. Handik gutxira konturatu ziren iruzurra izan zela, etxegabetzeko agindua jaso zutenean. Sindikatuak salatu du "nahiz eta egoera zaurgarrian egon eta adin txikiko haurra haien ardurapean izan", Alokabidek ez diela beste bizilekurik eskaini.

Duela hilabete agindu zuten berehalako etxegabetzea, baina "sindikatuaren esku hartzeari esker" atzeratzea lortu zen, ostegunera arte. Jakinarazi dutenez, Alokabidek kanporatu nahi dituen beste bost kasuren berri izan dute azken hilabeteetan, eta horietako batzuk atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatuak.

"Alokabidek ez du legea betetzen"

Urtebete inguru indarrean daraman Etxebizitzaren Legeak agintzen du halako egoeretan gizarte zerbitzuei berri eman behar zaiela, familiaren zaurgarritasun egoera aztertu dezan. Horrela, kaleratzea eten edo bestelako alternatibak eskaini beharko lituzkete gizarte zerbitzuek. Hala ere, sindikatuak salatu duenez "ez Alokabidek, ez epaitegiek" ez diete gizarte zerbitzuei egoeraren berri eman, eta hala gertatu omen da "sindikatura heldu diren kasu guztietan".

Etxebizitza Sindikatuak salatu du Alokabidek "entzungor" egiten diola kaleratzen ari diren familiaren kalteberatasun egoerari, zuzenean prozedura judizialetara jotzen duelako, bere barne protokoloa aktibatu gabe. Alokabideri leporatu diote "inongo borondaterik" ez izatea familia zaurgarriei "irtenbide duin bat" emateko. Etxebizitza zerbitzu publikoak berak argitaratutako memorian aitortu zuten EAEn 80 etxegabetze demanda abiatu zituztela 2023an, eta Alokabideren 21 etxegabetze gauzatu zirela Araban soilik.

Premia egoeran dauden familiai iruzur egiten dieten pertsonak ere erantzule jo ditu Etxebizitza Sindikatuak, eta "praktika antiproletarioak" egitea egotzei die. Etxegabetze guztien "berehalako eta baldintzarik gabeko etetea" aldarrikatu du sindikatuak, eta dei egin du ostegunean, 10:30ean, Salburua Bulebarreko 64. zenbakira hurbiltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago