Martxan jarri da tenperatura altuek eragin ditzaketen suteak kontrolpean izateko plana. Bigarren urtez jarraian, Suhiltzaileen Zerbitzuak antolaketa plana diseinatu du, su baten aurrean jarduteko eta koordinatzeko protokoloa. 27 nekazari boluntarioz osatutako talde batek, beraien laneko bitartekoekin, basoko sute baten lehen fasean esku hartuko dute.
"Suhiltzaileek emandako prestakuntza jaso dute, lehen minutuetan nola jokatu jakiteko: ibilgailuetan eraman beharreko bitartekoak eta suak nola funtzionatzen duen eta zer portaera izaten duen, besteak beste", azaldu du Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak. "Boluntarioen talde horrek ezin hobeto ezagutzen du bere ingurua, eta horrek balio handia du suhiltzaileak iritsi aurretik azkar eta eraginkortasunez esku hartu ahal izateko", gehitu du zinegotziak, larrialdi egoeretan azkartasunak daukan garrantzia nabarmenduz.
Plan bereziak "su gertaera bat izanez gero, aurrea hartzeko, antolatzeko eta eraginkortasun handiagoz jarduteko aukera ematen digu". Hala adierazi du Miren Fernandez de Landak, Landa Eremuaren zinegotziak. Halaber, zinegotziak gogorarazi du kontzientzia edukitzea dela garrantzitsuena. "Pertsona guztien konpromisoa behar dugu gure ingurune naturala zaintzeko. Ez egin surik, ez bota zigarrokinik eta ez utzi hondakinik mendian". Fernandez de Landak azaldu duenez, iaz ez zen plana aktibatu beharrik izan, sortutako suteak txikiak izan baitziren Iurren, Lasarten eta Arakako basean.
Iaz erabilitako metodologiari jarraituz, Whatsapp talde bat sortu dute, edozein kidek sute baten alarma eman ahal izateko. Ondoren, basozainek zenbat boluntario dauden eta zer bitarteko dituzten jakinaraziko diote suhiltzaileen zerbitzuari.