Semaforoek soinu bidez adierazten diete ikusmen desgaitasuna dutenei noiz gurutzatu dezaketen eta noiz ez. Sistema hori berritu eta "passblue" teknologia ezarriko du 660 semaforotan, gehienbat merkataritaz guneetan, "irisgarritasuna hobetzeko" helburuarekin.
"Passblue" sistemaren aldaketetako bat izango da semaforoek ez dutela beti soinurik egingo. Inguruko bizilagunei "trabarik" ez egiteko, desgaitasuna duten pertsonen mugikorrarekin bluetooth bidez konektatuko dira semaforoak, komunikazio automatikoa izango dute, eta kasu horietan soilik egingo du soinua. Beraz, mugikor adimendun bat beharko dute, edota urrutiko aginte espezifiko bat semaforoen ohartarazpen akustikoa aktibatzeko.
Beste berrikuntza bat izango da semaforoek tonu ezberdinak emango dituztela maiztasuna eta iraupena adierazteko. Orientazio tonu batzuk izango ditu semaforoak, gurutzatu beharreko tokira hurbiltzen lagunduko dietenak. Ondoren errazago identifikatu ahal izango dute noiz hasten den gurutzatzeko aukera, eta noiz amaitzen den, tonua aldatzen joango delako.
"Passblue" teknologia Gaztelako Atea, Gasteiz hiribidea, Domingo Beltran, Madril, Zaramaga, Juan Garai, Honduras, Adriano VI.a eta Florida kaleetan ezarriko dute, besteak beste.
Desgaitasuna duten pertsonentzat aholkularitza
Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki du 30.000 euro bideratzea orientazio juridiko zerbitzua finantzatzeko. Desgaitasuna duten pertsonek jasaten dituzten diskriminazio egoeren aurrean aholkularitza jaso ahal izango dute, eta erantzunak jaso irisgarritasunarekin lotutako kontuei buruz, adibidez.
Elkarbizitza eta Aniztasunerako zinegotziak, Pascual Borjak, adierazi du "desgaitasuna duten pertsonene desabantaila sozialak ezabatzen lagunduko" duela programa honek. Zerbitzua erabiltzeko aurrez hitzordua eskatu beharko da, eta asteazken goizetan eskainiko da aholkularitza, 10:00etatik 12:00etara, Eginaren Eginez elkartearen egoitzan, Simon Bolivar plazako 9. zenbakian.