Armentiako basoa eta Zabalganeko parkea lotuko dituen pasabide berria Mariturriko bulebarrean hasi eta Ibaiako kirol-hirian amaituko da, N-102 errepidearekiko paralelo doan bide bat sortuz. 37 metroko luzera eta 6,8 metroko altuera izango ditu. Halaber, 3 metroko zabalerak txirrindulariak nahiz oinezkoak pasatzeko lekua izatea baimenduko du. "Pasabide berri honekin, Armentiako basoaren eta Zabalganeko parkearen arteko Eraztun Berdea osatzen duten bidexkei jarraipena eman nahi diegu" adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.
Udalak adierazitakoaren arabera, bost urte dira Eraztun Berdean azpiegitura berriak bultzatzeko helburua jarri zutenetik, "ibilbide naturalen sarea egituratzeko eta herritarrei ingurune horretan gozatzeko aukera emateko". Pasabide berria eraikitzeko inbertsioa 313.000 eurokoa izan da eta Next Generation funtsen finantzaketa jaso du. Obra burutuko duen enpresak 6 hilabeteko epea izango du lanak bukatzeko.