Olabide ikastolak bi langile kaleratu dituela salatu du langile batzordeak. LAB sindikatuak igorritako prentsa ohar batean azaldu dutenez, gastuak murrizteko, bi langile horiek kaleratu eta zerbitzuen kudeaketa azpikontratatu du ikastolak. Hori dela eta, enpresa batzordeak bultzaturik, bertako langileek mobilizazioak egin dituzte egunero aste honetan.
Enpresa batzordeak zehaztu duenez, kaleratuak izan diren bi langileek laneko jazarpen morala salatu zuten aurreko gerentearen aurka. "Ikerketa batzordeak gatazka konpontzeko egindako proposamenari ezetz esan zion Olabide ikastolako zuzendaritzak, eta orain epaile batek arrazoia eman dio langile bati. Bigarren langilea epaiketaren zain dago oraindik", argitu du LABek.
Olabideko enpresa komiteak azpimarratu du ez duela inolaz onartuko ikastolako artezkaritzak hartutako bidea. "Beste ikastoletan inongo kaleratzerik egin gabe eta langile propioak mantenduz bertako bideragarritasuna posible bada, ez dugu ontzat ematen Olabiden horrela ez izatea", azpimarratu dute. Horretaz gain, salatu dute ikastolak ez duela inolako asmorik izan komitearekin gaia lantzeko eta bideratzeko. "Erabakia hartu eta informatu baino ez du egin".
Azpikontratazioen mamua
Hartutako erabakien atzean hainbat zerbitzu pribatizatzeko eta azpikontratatzeko arriskua ikusi dute langileek: "Administrarien kudeaketa azpikontratatzeko asmoa badu artezkaritzak, zer gehiago ez ote du pribatizatuko eta azpikontratatuko? Hori al da Olabiderako defendatzen duten ikastola eredua?". Horren aurrean, gogorarazi dute langile guztiek "bertako langile kontratatuak" izan behar direla, ikastoletako lan hitzarmen propioa aplikatzen zaielarik. "Hori da zerbitzuen kudeaketa ona izateko eta langileak gehiago ez prekarizatzeko bide bakarra".