Kritika artean jasoko du hiriko urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak

Erredakzioa 2024ko uzt. 11a, 09:38

Terrorismoaren Biktimen Memorialak jasoko du urrezko domina. Argazkia: EHB

Gasteizko Urrezko Domina Andre Maria Zuriaren jaietako egun handian emango da, abuztuaren 5ean. Udalak eskainiko duen harreraren baitan egingo da ekitaldia.

Maider Etxebarria alkateak proposatuta, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroari emango diote aurten Gasteizko Urrezko Domina. Alta, EH Bilduk, Martxoak 3 elkarteak eta Egiari Zor Fundazioak domina ematea kritikatu dute, eta bizikidetzan "atzerapausoa" dela azpimarratu dute.

Domina emateko justifikazioan, Gasteizko alkateak azpimarratu du memoriala kudeatzen duen fundazioak  "terrorismoaren biktimek ordezkatzen dituzten balio demokratiko eta etikoak babesteko eta zabaltzeko" lan egin duela. Gaineratu duenez, "biktimen memoria kolektiboa eraikitzeko, askatasuna eta giza eskubideak defendatzeko, eta terrorismoaren aurka egiteko herritar guztiak kontzientziatzeko" helburua du memorialak. Bestalde, Gasteizko baliabide turistiko bihurtu dela esan du alkateak; "izan ere, dagoeneko 85.000 pertsona igaro dira bertatik, eta horietatik %60 baino gehiago Euskaditik kanpokoak dira".

Kritikak

Halere, EH Bilduk erabakiaren kontra egin du. Rocio Vitero EH Bildu Gasteizko udal bozeramaileak gogoratu du memorialak ikuspegi "partziala" elikatzen duela, eta azpimarratu du ez duela laguntzen "bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen". "Beraz, ez dugu uste merezi duenik Gasteizko Urrezko Domina", esan du.

Martxoak 3 elkarteak ere domina ematea kritikatu du. "Estatu indarkeriaren milaka biktima bere kontakizunetik kanpo uzten dituen zentro bati Gasteizko Urrezko Domina ematea bizikidetza eraikitzearen kontrako bidean urrats bat da". Ildo beretik, Egiari Zor Fundazioak adierazi du "memoriaren zentro diskriminatzailea" dela domina jasoko duena, "hamarkadetako indarkeriari buruzko kontakizun partziala inposatu nahi duena, milaka biktima baztertuta. Hain zuzen ere, kontakizun horren aurka daudenak: estatu indarkeriaren biktimak".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago