Eguzki talde ekologistak ohartarazi du Gasteizko Udalak hondakinen legea urratuko duela, "eta datozen urteetan ere urratzen jarraitzeko asmoa duela". Pascual Borja Garbiketa zerbitzuko zinegotziaren hitzak hartu dituzte oinarri salaketa egiteko, izan ere, edukiontzi grisaren erabilera 2026ko urrian hasiko dira murrizten, eta ez dute hondakin legean ezarritako gaikako bilketa maila beteko ordura arte, gutxienez.
Europar Batasunaren helburuen arabera dago ezarrita Gasteizko Udalak bete beharreko legea, eta han zehazten da 2025erako hiri hondakinen %55a gutxienez gaika bildu behar dela. Egun %39a besterik ez da gaika biltzen Gasteizen, eta Eguzki taldetik salatu dute, "udalak ez dituela hartu aspaldi hartu behar zituen neurriak". 2026ko urria baino lehen ez da murriztuko hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisaren erabilera, Pascual Borja zinegotziak aurreratu duenez. Beraz, Eguzki taldetik aurreikusi dute 2025ean eta 2026an "behintzat" urratuko dela legea.
Gainera, talde ekologistak ohartarazi du edukiontzi grisa mugatzeak ez duela zuzenean bermatuko hondakinen %55a gaika biltzea, eta horretarako neurri zehatzak hartu beharko dituela udalak. Legearen arabera, 2030. urterako %60a jaso behar da gaika banatuta, eta "helburuak pilatuko" zaizkiola salatu du Eguzkik.
Udalak aipatutako datu positiboa zalantzan
Garbiketa zinegotziak datu positibo gisa azaldu du hiri hondakinen kudeaketa maila, Eguzkik salatu duenez, "lege urraketa nabarmenari garrantzia kendu nahian edo". Zinegotziak adierazi du Gasteizek Europaren helburuak betetzen dituela hiri hondakinak jasotzeko "zatiki gehienetan", ontzi arinetan eta paperean, adibidez, organikoan izan ezik. Baina Eguzkik ohartarazi du organikoa dela hondakin guztien %45a, eta "gehiegitxo dirudiela datu positibo gisa saldu nahi izatea" ia hondakin guztien erdian ez izatea beharrezko bilketa maila.
Talde ekologistak kezka agertu du, hiri hondakinak "oinarrizko kontua" direla esanez, eta arlo horretan gutxienekoak betetzen ez badira "ez dutela sinesgarritasunik" ingurumenarekiko konpromisoari buruzko diskurtsoek.