Bi urteko atzerapenarekin bada ere, hemen da Izaskun Arrue Kulturgunea. Uztailaren 18an irekiko ditu ateak Ruiz de Bergara jauregiak lehenengo jardueretarako, eta, uda bitartean, bisita gidatuak, esku-hartze artistikoa, haur eta gazteei zuzendutako lantegia eta deialdiak antolatu dituzte. Dimentsio berria izango duen egitasmo honek, bestalde, marka berria izango du: IAK -Izaskun Arrue Kulturgunea eta Euskararen Etxea-, eta egitasmoaren nondik norakoen berri emateko, komunikazio kanal berriak –iak.eus webgunea eta sare sozialak– jarriko dituzte martxan gaurtik aurrera.
"Izaskun Arrue Kulturgunean, euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar dugu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren", esan du Lazarraga kultur elkarko eledun Lukas Etxebarriak goizean eginiko agerraldian. "Euskaraz jakin edo ez jakin IAK guztientzat irekita egongo da, euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera".
Ibilbide berria
Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gorabeherak gaindituta, ekainean zehar 2024ko hitzarmena sinatu dute bi aldeek eta elkartea 2023ko zuriketari egotzitako zorra ordaintzen hasi da, azaldu dutenez. Hala ekin dio lantaldeak proiektuari, eta hasierako egunak espazio eta egoera berriari neurria hartzen ari da, etorkizuneko pausoak zehazten, "gogotsu eta indarberrituta".
Udarako antolatu dituzten jardueren artean, Ertzak zintzilik haurrentzako lantegia izango dute hilaren 16an, 17:30ean; espazioa ertz ezberdinetatik nola sor daitekeen irudikatuko dute, eraikinak dituen elementuekin jolastuz.
Irekiera ekitaldia uztailaren 18an izango da; 18:15etik aurrera egingo dute aurkezpena. Eta eraikina hobeto ezagutu nahi dutenentzat bisitaldi gidatuak egingo dituzte bi egunetan, uztailaren 19an eta 22an.
Gasteizko jaietan familia jarduera egingo dute abuztuaren 6an, 11:00etatik aurrera. Prospero Teatrok girotua, egunerokotasunean botatzen ditugun gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin arituko dira gaztetxoak.
Halaber, hainbat deialdi jarriko dituzte martxan uztailaren 22tik aurrera. Taulara, formatu txikiko antzerki obra eta bakarrizketentzako deialdi irekia. Muina, kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa. Eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.
Irailetik aurrera
Iraileko bigarren astetik aurrera udazkeneko programazioa jarriko dute martxan eta diziplina ezberdineko jarduerak ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, euskara elementu eroale bihurtuta: musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak egingo dira. "Izan ere, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaioko da. Eta kultura ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean", azaldu dute.