Gasteizko Udalak eta Artez Euskara Zerbitzuak euskararen aldeko prestutasuna eta urteetan zehar hartutako neurriak eskertu nahi izan dizkiete Gasteizko hiru komertziori. Alde Zaharrean kokatutako Emaize sexologia zentroa, Dato kaleko Zulueta Botika eta Foru kaleko Zeuk/Neuk arropa dendak izan dira sarituak, eta bereizgarriak eman dizkiete, euskararekiko aldekotasuna harro erakusteko. Hainbat neurri hartu dituzte komertzio hauek euskararen alde, izan paisaia linguistikoa euskalduntzen, bezeroak euskaraz artatzen edo barne kudeaketan euskararen presentzia indartzen, besteak beste.
Eskatu eskaini euskaraz kanpaina abian izan da azken urteetan Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, tokiko hainbat erakunderekin batera. Datorren urtetik aurrera, baina, Barra-barra leloak hartuko du lekukoa euskara enpresa munduan txertatzeko ahaleginei dagokienez. Gasteizko komertzioei emandako saria bi kanpainen arteko trantsizio gisa aurkeztu dute, izan ere, Zuri esker euskara Gasteizen barra-barra leloa daraman txapa batzuk oparitu dizkiete aipatutako komertzioei.
Gasteizko Udalaren Euskara zerbitzuko teknikaria den Itziar Lakarra eta Artez zerbitzuko aholkulari Eider Iturricastillo arduratu dira txapak banatzeaz, eta sorpresaz harrapatu dituzte komertzioak, ez baitzekiten saria jasotzekoak zirenik.
Emaize Sexologia Zentroa
Ana Ramirez de Okariz Sorollak, Emaizeko sortzaileetako batek, jaso du bereizgarria, "emozioz eta pozez beteta". 30 urte daramatzate sexologia zerbitzua garatzen, eta hasieratik euskara erdigunean izan dutela azaldu du. "Esfortzu handia" egin behar izan dute, Ramirez de Okarizen hitzetan, euskaraz egin ahal izateko haien jarduna, batez ere haien eremuko materialik ez zegoelako euskaraz. Sortuz joan dira urteotan, feminismoa eta euskara euskarri nagusi gisa izanik.
Zailtasun asko izan omen dituzte, azaldu dutenez, baina "poliki-poliki" joan dira aurrepausoak ematen. Gaur egun zerbitzu guztiak eskaintzen dituzte euskaraz, terapia, formakuntza, aholkularitza eta beste hainbat. Materiala sortzeaz gain, euskarazko hedabideekin kolaboratzea garrantzitsua dela adierazi du Ramirez de Okarizek, Alean hilero egiten duten bezala, adibidez. Ez da euskararen alde egiteagatik nabarmentzen dituzten lehen aldia, 2022an Lazarraga saria jaso zuten hizkuntzaren normalizazioan egindako lanagatik.
Zulueta Botika
Leire Zulueta Fernandez lizentziatuak jaso du bereizgarria Zulueta Botikan, ahobizi txapa bularrean zeramala. Hamar urte inguru daramatza botikak euskararen aldeko neurriak hartzen, Artez euskara zerbitzuetako aholkulariekin batera. Zuluetak azaldu du saiatzen direla eskatzen duena euskaraz artatzen, eta paisaia linguistikoa euskalduntzeko lana egin dutela azken urteetan, farmaziako poltsak, txartelak, kartelak eta abar. Baita barne mailako paperak ere, ahal den neurrian, izan egutegi eta ordutegiak, edo bestelakoak.
Ilusioz jaso du saria, eta familiaz oroitu da Zulueta. Oñatikoa zuen aitona, eta gurasoek euskaraz ez bazekiten ere beti izan omen zuten euskararen aldeko jarrera. Familiak egindako lanaren aitortza gisa jaso du bereizgarria, eta ohartarazi du "Gasteizen asko dagoela oraindik egiteko".
Zeuk / Neuk
Foru kalean elkarren parean daude Zeuk eta Neuk arropa dendak. Adriana dendariak jaso du bereizgarria, eta azaldu du euskaraz lan egiten dutela gehiengoan. Sei langiletik bostek dakite euskaraz, denda barruko kartelak euskara hutsean jakinarazten dute Beherapenak daudela, eta saiatzen omen dira beti euskaraz artatzen datorren jendea.
Poztu egin da saria jasota, "euskara sustatzeko egindako lanaren aitortza" jasotzea albiste ona delako. Bai euskarari ziurtagiria dute bi dendek.
Artez euskara zerbitzua
Artez taldean enpresa munduan euskara sustatzeko lan egiten dute, erakunde publiko zein pribatuekin. Arabako Foru Aldundiarekin eta hainbat udalekin aritzen dira lanean, eta baita dozenaka enpresarekin ere. Aurten 899 bisita egin dituzte komertzio ezberdinetara, euskara sustatzeko aholkuak emanez eta zerbitzuak eskainiz. Itzulpenak, kartelgintza, fakturak euskaraz nola egin eta beste hainbat konturekin laguntzen diete komertzio, ostalari eta zerbitzu sektoreko enpresei.