Eva Forest Liburutopiak bertso-paper lehiaketa bat abiatu du, eta parte hartzeko deialdia zabaldu. Bertso berriak utopiari jarriak izeneko sariketan, utopiari kantatu beharko diote bertsolariek. Bakarka zein taldean osatu ahalko dira sei eta hamabi bertso artean, bakoitzak nahi duen neurri eta doinuan, eta ez da testu diskriminatzailerik onartuko.
Irabazleak, edo irabazleek, Eva Forest Liburutopiako apaletatik narratiba liburu, komiki eta saiakera bana aukeratu ahal izango dute. Gainera, bertso sorta irabazlea Liburutopian bertan ikusgai egongo da bolada batez.
Irailaren 5a baino lehen bidali behar dira bertsoak agenda@liburutopia.eus helbidera, PDFan, Bertso_Sortak izenburuarekin. Barruan zehaztu beharko dira parte hartzaileen datuak eta bertsoetan erabilitako doinua, edo doinuak. Irailaren 8an hiru sorta aukeratuko dira, eta bertsolariak gonbidapena jasoko dute irailaren 21eko Bertxoko Eguneko bazkarirako. Bazkalostean bakoitzak bere bertsoak kantatu, eta ondoren iragarriko da zein izan den bertso sorta irabazlea.