Oposizioen lehen prozesua burutu zenetik, 2022ko azaroan, eskainitako plazen jabetza oraindik ez dutela hartu salatu dute probak gainditu zituzten suhiltzaileek. Lan poltsa eratzeko araudia aldatzeko negoziazioek sortutako atzerapenari egotzi diote errua, "eragin negatibo zuzena izango duena azken oposizioa gainditu dugunok lana lortzeko izan dezakegun aukeretan". Halaber, gehitu dute araudia aldatzeko hartu diren neurriak ez direla bidezkoak. "Araudi berri honekin, azken oposizioa gainditu dugun pertsonok, gainditu ez duten pertsonen atzetik geratuko ginateke, baita inoiz oposizio batzuetara aurkeztu ez diren batzuen atzetik ere".
Agerraldian Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoan ezarritako "lan poltsen eraketarako irizpideei eustea" eskatzen dute, lehentasun ordena jarraituz. Hau da, lehenengo postuetan egotea oposizioan nota hoberenak dauzkaten pertsonak. Ildo berean, Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Akademiari prozesua "ahalik eta azkarren amaitzeko" eskaera egin diote, lehenengo puntuan ezarritako erregulazioa errespetatuz. Azkenik, lan poltsan sartuko diren guztiei prestakuntza eskaintzea beharrezkoa dela azaldu dute, eta "eragina duten instituzioei" hala jakinarazi nahi izan diete.
Arabako eta Gipuzkoako aldundiek lan eskaintza publikoa egitea adostu zuten 2022an, eta 278 parte-hartzailek gainditu zituzten oposizioak, 114 plazetarako. Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hartu zuen aurkeztutako oposiziogileei azterketa egiteko ardura. Hala ere, Arkauteko probak gainditzeko esfortzuak "fruiturik ez duela emango" adierazi du elkarteak, "hautaketa prozesua gainditu ez dutenek aukera gehiago izango dituztelako". Oposizioa gainditu ez duten langileen "ziurgabetasun egoera" ulertzen dute, baina haien egoera "ikusarazi" nahi dutela aipatu dute halaber. "Ez da onargarria kudeaketa kaltegarri honen ondorioak oposizioa gainditu dugunok ordaintzea". Egoeraren konponbidean esku hartzeko ahalmena daukaten eragileei erantzunak eskatzen dizkiete.