Merkantzia trenen trafikoa hiritik aterako duen saihesbide bat eraikitzeko aukera aztertzeko elkarrizketak hasi ditu Gasteizko alkate Maider Etxebarriak Espainiako Garraio Ministerioarekin. Hala iragarri du gaurko Udal Politikaren Eztabaida Orokorreko batzarrean. Saihesbide berri hori, gaurko ingurabidearekin paraleloan joango litzateke eta Forondatik eta Abetxukutik oso gertu. Batik bat Jundizetik Gipuzkoara edo Nafarroara doazen salgaiak igarotzeko korridorea izango da.
Merkantzien trenbide bidezko trafikoa handituko dela aurreikusten dutenez, "hausnarketa egitea" beharrezkoa dela azaldu du alkateak. Bere ustez, "zentzuzkoa da neurri handiko trenak Jundizetik by-pass batekin desbideratzeko aukera aztertzea, Gasteiz iparraldetik inguratuz. Horrela hiriak bidaiarien trenak baino ez lituzke jasoko", azaldu du. Alkatearen esanetan, saihesbide berriak merkantzia trenek Gasteizko hirigunea zeharkatzea saihestuko luke, eta, beraz, "inpaktu akustikoa, soziala eta ingurumenekoa murriztuko lituzke".
Alkateak adierazi duenez, proposamen hori aurrera ateratzen bada, trenbidea integratzeko dauden proiektuetan sar dezake Garraio Ministerioak. Izan ere, balizko by-pass-a trenbidearen lurperatzearen paraleloan joango litzatekeen obra bat da. Proiektua bideragarria den ala ez sei hilabete barru jakingo da, baina egitekotan, Salburua eta Zabalgana auzoetatik ikusmen eta soinu inpaktua murriztuko litzatekeela aurreratu du Etxebarriak; eta "lurperatzearen azken kostua murriztuko litzateke".