Airearen kalitate txarreko egoeren aurrean, Gasteizek epe laburrerako ekintza plana aurkeztu du. Kutsadura mailaren arabera, udalak hiru egoera definitu ditu: prebentzioa, abisua eta alerta. Lehenengo fasean, herritaiei gomendioak helaraziko zaizkie. Bigarrenean, abisuekin batera neurri ezberdinak sartuko dira indarrean: hiri osoan abiadura 30 km/h-ra mugatuko da eta kale batzuetan zirkulazio murrizketak egingo dira, besteak beste. Alerta egoeran, hiriko autobusak doakoak izango dira eta beste gomendio batzuk gehituko dira.
Ostiralean plana onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak, "hirian kutsadura areagotzen duten gertaera puntualei erantzun eraginkorra" emateko helburuarekin. Gasteizko Udalaren estrategia Airearen Kalitatea Hobetzeko Ekintza Planaren barruan sartuko da, klimaren eta ingurumenaren babesean oinarritutako planen artean.