Sukar Horia talde ekologistak erronka berria aurkeztu die euskal idazle eta itzultzaileei. Abiapuntu gisa hartu dute aurka egitea etorkizuna beltz irudikatzeko joerari. Azaldu dutenez, oso erraz irudikatzen ditugu etorkizun distopikoak, lehorteak, uholdeak, tenperatura igoerak, gaixotasun berriak... baina utopia ekologikoa amestea izango da oraingo honetan zeregina.
"Harremantzeko modu ekofeministak, baliabideen kolektibizazioa eta trantsizio energetiko justua" dira jarritako adibide batzuk, parte hartzaileen lana izango da horietan sakondu eta gehiago bilatzea. 2024ko irailaren 15a baino lehen bidali beharko dira lanak.
Baldintzak
Hiru modalitatetan aurkeztu daitezke lanak, literatur sorkuntza, gazteen lanak (18 urtetik beherakoentzat) eta itzulpenak. Beti ere, gehienez bost orrialdeko luzera izan behar dute. Testu originalak eta argitaragabeak izan beharko dira, edozein motatakoak, izan narratiba, antzerkia, poesia edo bertsoak.
Lanek deskribatu beharko dituzte bizitza egun dena baino bizigarriago egiten duten egoerak, bizitzako edozein arlori helduta. "Bilbo bezalako hiri baten funtzionamendua izan daiteke, udalerri txiki batekoa, pertsonen arteko harreman berriak irudikatzen dituena, gizaki, animalia eta landareen artekoak, edota baliabide materialak ustiatzeko modu berriak". Ebaluazio irizpide nagusia "doinu utopikoa" mantentzea izango da, modu positiboan azaltzea etorkizuna.
Gazteen modalitatean, besteetara ere aurkezteko aukera dutenez, 150€koa izango da saria. Beste bietan, 300€ jasoko dituzte irabazleek. Urte amaiera aldera egingo da sari banaketa, eta lanik onenak Argia aldizkariak argitaratuko ditu.
Informazio guztia eta parte hartzeko baldintza zehatzagoak ikusteko, hemen ikus dezakezue lehiaketako oinarrien dokumentua. "Etsipen gutxiago eta borroka gehiago" izatera deitu du Sukar Horia taldeak.