Korterrazaren 15. jaialdian Arabako protagonistak dituzten zazpi lan aurkeztuko dituzte aurten, beste hainbat lanen artean. El carné de(s)madre, Agrio, Hado eta Hadas film laburrak pasako dira jaialditik, besteak beste. "Maila handia dago lurraldean, eta urtero lan oso onak eta interesgarriak daude", nabarmendu du Xabi Vitoria jaialdiaren zuzendariak.
Sail Ofiziala hiru saiotan banatuko da, eta 22:00etatik aurrera emango dira aukeratutako film laburrak. Guztira, 8.000 euro banatuko dituzte sarietan, publikoaren saria barne. Euskarazko filmeen artean, Eneko Sagardoyren Betiko gaua filma eskainiko dute jaialdian, Bertako Igogailuak-Euskera Sariaren irabazlea izan dena. Arabako Mendialdeko hainbat lokalizaziotan filmatu du Sagardoyk bere lehenengo pelikula.
Halaber, uztailaren 5a haurren eguna izango da, eta ipuin kontalari ikuskizun bat egongo da 18:00etatik aurrera, Korterraza Txiki saioa hasi aurretik, 19:00etan.
Filmekin batera, Korterrazak zazpi kontzertu eskainiko ditu Artium museoan eta Falerina lorategietan. Ostegunean programazioa hasiko dute Trikoma eta Belako taldeek, 18:30ean. Ostiralean ordu berean Calizok eta Combo Paradisok joko dute, eta larunbatean Mondo Infiel, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta The Steepwater Band izango dira.
Gasteizko edizioa abuztuaren 22an biribilduko du Sensibiliza sailak, Guillermo Garcoa Lopezen Aunque es de noche Goya sariaren irabazlearekin eta Cesar Tormoren Nivel Dios film laburrarekin.
Aurten, baita ere, Korterraza Araba ospatuko dute hainbat herritan, ekainaren bukaeratik irailaren hasierara. Super Selekzioa, Komedia, Mix eta Txiki sailak izango ditu.