Gasteizko Alde Zaharreko eta Zabalguneko merkataritza jardueraren beherakadaren aurrean, dirulaguntza berri bat aurkeztu dute Maria Nanclares Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren zinegotzi ordezkariak eta Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak. Hutsik dauden lokaletan merkataritza jarduera berriak zabaltzea sustatu nahi izan dute neurri honekin, eta urtebetez alokairu gastuen erdia ordainduko die udalak, 500€rainoko mugarekin.
Ohartarazi dute azken hamarkadan %20 baino gehiago murriztu dela irekitako denden kopurua, eta belaunaldi erreleborik ezak are gehiago larritzen duela egoera. Alde Zaharra eta Zabalguneko auzoetara bideratu dute laguntza, hauek izan baitira azken urteetan lokal galera handiena jasan dutenak. Azaldu dute lokal huts asko egoteak kalte egiten diela inguruan zabalik dauden gainerako lokalei, erosketa esperientzia eta erakargarritasunean eraginez eta lokal gehiagoren itxiera ekarriz.
Laguntza eskatzeko baldintzak
Udal gobernuak eta EH Bilduk 2024ko aurrekontuetan adostutakoaren baitan dago dirulaguntza hau. 200.000 euroko aurrekontua du deialdiak, establezimendu berri bat ireki nahi dutenei zuzenduta. Hala ere, zenbait baldintza bete behar dituzte laguntza jaso nahi dutenek. Jarduera ekonomikoa etxabe batean, beheko solairuan, kokatuta egotea, sarrera edo erakusleiho nagusia Alde Zaharrean edo Zabalgunean izatea, enpresak 50 langile baina gutxiago izatea eta urteko balantze orokorra 10 milioi euro baino gutxiagokoa izatea.
Deialdi honek tokiko merkataritza sustatuko duela eta egun dagoen eskaintza osatzeko enpresen ekimena bultzatuko duela adierazi dute aurkezpenean Nanclaresek eta Viterok. Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte, besteak beste, denda eta jatetxeek, bidaia agentziek, telekomunikazioekin lotutako enpresek, finantza erakundeek, aseguruek eta jarduera profesional eta artistikoek.
Dirulaguntza jasotzeko EJZn alta emanda egon beharko du onuradunak azaroaren 30a baino lehen, eta alokairu kontratua formalizatu beharko du uztailaren 1etik azaroaren 30era bitartean. 2024ko irailaren 30ean amaituko da eskaera egiteko epea.