Hirugarren urtez minbiziaren aurkako funtsak biltzeko eta gaiaren bueltako kontzientziazioa zabaltzeko jaialdi solidarioa egingo dute datorren larunbatean Gasteizen.
Gasteiz Fights Cancer erakundeak antolatutako jaialdia Judimendiko gizarte etxearen ondoan dagoen Sefarad plazan egingo dute. Antolatzaileek ostiralean egin dute jaialdiari buruzko aurkezpena, besteak beste, Gasteizko Udaleko Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntza zinegotzia eta Ana del Val Kultura diputatua alboan izan dituztela.
Aurten bildutako dirua Aspanafoa eta Asamma elkarteentzat izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Goizean mahai inguru bat egingo dute Judimendi gizarte etxean, hainbat aditurekin. Bertan izango dira Cristina Garachana eta Naiara Antepara psikologoak, eta Argiñe Montero fisioterapeuta. Tartean, Asamma eta Aspanafoako erabiltzaileek sortutako zalantzei erantzungo diete bertan. Solasaldiaren ondoren kontzertu-bermutak egingo dituzte Amurrioko Joko kantautorearekin eta La madre de José hirukotearekin.
Arratsaldean ere musika izango dute, hainbat musika estilorekin. Horrez gain, haurrentzako jolasak eta bestelako jarduerak izango dituzte. Funtsak biltzeko txosna solidarioa bat paratuko dute jaialdian, eta tokiko saltegiek emandako txartelekin zozketa antolatu dute.