Jazza ikuspegi guztietatik gozatzeko aukera izango da Gasteizen, 47. Jazzaldian. Antolatzaileen esanetan, bertan uztartuko dira talentu gaztea, musikari ospetsuak, fusio iradokitzaileak, musika afrokubatarrari eta hip hopari omenaldiak eta emakumezko interpreteen presentzia indartsua.
Uztailaren 13 abiatuko da, larunbatean, Prado parkean egingo den aperitibo batekin, eta hilaren 21ean amaituko da, hurrengo igandean, "trumoi zaratatsuarekin". Bederatzi egunetan zehar 50 bat talde izango dira Gasteizko eszenatokietan, eta kontzertu gehienak doan izango dira. Aurtengo edizioan errepasoa emango zaio jazzak beste musika genero batzuetan izan duen eraginari.
Mendizorrotzan eta Principal antzokian ordainpekoak izango dira kontzertuak, baina Gasteizko beste hainbat txokotan doako eskaintza zabala egongo da, Andre Maria Zuriaren plazan, Prado eta Floridako parkeetan, San Bizente aldapan, hiriko taberna ugaritan edota Hibridalab zentroan, esaterako. Kaleetatik bueltaka ere ibiliko da jazza, Sunset Rhythm Kings taldearen eskutik; uztailaren 17, 18, 19 eta 20an kalejiran arituko dira Gasteizko zonalde ezberdinetatik.
Emanaldiak
Mendizorrotzan, uztailaren 15ean hasita, ikuskizun pare bat egongo da egunero 20:30etatik aurrera. Terri Lyne Carrington bateria jotzaile, konpositore, ekoizle eta abeslaria izango da bertan, baita Joel Ross eta Cecile Mclorin Salvant ere. Jazza eta flamenkoaren fusioa ekarriko dute Michel Camilo eta Tomatitok, Spain forever Again lan berriarekin. Chucho Valdes eta Trueno ikusteko parada ere izango da Mendizorrotzan, besteak beste.
Christie Dashiellek zabalduko du Principal Antzokiko emanaldi zikloa uztailaren 15ean, eta 20ra arte egongo da egunero kontzertu bat bertan. Sylvie Courvoisier Quintet, Clara Peya eta Eddie Mejia Quartet ere badaude antzokiko oholtzara igoko direnen artean.
Gasteizko taberna, parke , kale eta aretoak ere jazzez beteko dira 47. aldiz. Programazio osoa ikus daiteke Jazzaldiaren webgunean bertan.