EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoak antolatu du '1974ko Tximist Espedizioa Everestera, 50 urte geroago' erakusketa, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailarekin lankidetzan. Gasteizko Amarika aretoan zabalik dago, irailaren 29ra arte.
Tximist Espedizioaren urteurrenaren inguruan egunotan egiten ari diren ekitaldien programaren barruan inauguratu dute erakusketa. Zenbait objektu aurkezten dira, hala nola Juan Ignacio Lorente espedizio buruak prestatu zuen Everesten maketa, argazkiak, espedizioko partaideen ekipamendua, Nepaleko oroigarriak eta espedizioko dokumentu esanguratsuenen kopia. Bertan biltzen diren argazkiak Angel Lermaren bildumatik datoz, Tximist espedizioko kide eta filmaketa taldeko partaidea dena. Halaber, espedizioko kideen edo haien ondorengoen beste bilduma partikular batzuk ere daude.
Antxon Iturrizak, euskal mendizaletasunean espezializatutako historialariak, egin du gidoia, eta diseinua EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoak eta Lidia Uribarrenak landu dute.