Tomas Mardones Llorente da Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak 2022ko martxoan Berriozarko hilerrian lurpetik ateratako gorpuzkiak aztertu ondoren identifikatu den hirugarren pertsona. San Kristobal gotorlekuko 21 presok osatutako talde bati zegozkion gorpuzkiak, 1936an ustez huts egindako ihesaldi baten ondorioz erailak izan zirenak.
Gasteizko presoaren identifikazioa leku horretako hirugarrena da, Jose Creagh eta Tomas Nacheren ondoren. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak kudeatutako desobiratze programaren funtsezko helburuetako bat da aurkitutako gorpuzkiak identifikatzea.
Alaveseko futbolaria
Mardones Llorente 1912ko maiatzaren 4an jaio zen Gasteizen, eta arotza zen lanbidez. CNTko eta FAIko kide ere bazen, Arabako anarkisten talde aktibo batekin lotuta. Gainera, bere anaietako batzuk bezala, Alaveseko futbolaria izan zen. Bere beste anaietako bat, Alejandro Mardones, San Kristobal gotorlekuan preso egon zen, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian parte hartu zuen eta bertan hil zuten, baina orain arte ezin izan dituzte haren gorpuzkiak identifikatu.
Tomas Mardones, berriz, 1936ko ekainaren 24an sartu zuten San Kristobal gotorlekuan, eta, Fermin Ezkieta ikertzailearen arabera, ihesaldi saiakera batean parte hartu zuen 1936ko uztailaren 27an, 775/1936 sumarioa irekitzea ekarri zuena. Urte hartako azaroaren 1ean, epaiz kanpo exekutatu zuten preso zeuden beste hogei kiderekin. Hil ondoren, gorpuak Berriozarko hilerrira eraman zituzten. Han, Txinparta-San Kristobalgo Gotorlekua elkarteak 2009an jarritako plaka batek haien izenak gogoratzen ditu.
2022ko martxoan, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planaren barnean, Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuak, Berriozarko hilerrian gorpuzkiak lurpetik ateratzeari ekin zion, Txinparta elkarteak aurkeztutako txostenetik abiatuta eta hobi komunaren kokapenari buruzko informazio fidagarria kontrastatu ondoren. 21 gorpu aurkitu zituzten, su-armaz hil izanaren zantzu nabariekin.
DNAren garrantzia
Anarkista gasteiztarrarena da egiaztatu ahal izan den hirugarren identifikazioa, senideen laguntzari esker. Horregatik, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentutik bereziki azpimarratu dute DNA laginak izatearen garrantzia, identifikatu gabe dauden leku horretan aurkitutako gorpuekin alderatzeko, preso horietako batzuen senideen lagin genetikoak falta baitira.
Azken deialdien ondoren lagin berriak lortu dira, baina oraindik batzuk falta dira. Hori dela eta, Nafarroako Memoriaren Institutuak gogora ekarri nahi du Berriozarren hobitik atera dituzten presoen zerrenda. ADN lagina hartzeko prozesua hasteko, ezinbestekoa da biktimen ahaideek harremanetan jartzea Nafarroako Memoriaren Institutuarekin, inm@navarra.es helbidearen bidez:
- Joaquin Abellan Cerezo, Jumilla (Murtzia), 22 urte
- Ignacio Francisco Caneda Deza, O Grove (Pontevedra), 18 urte
- Jose Pedro Cantero Tejada, Badolatosa (Sevilla), 29 urte
- Juan Cruz Villar, Santander (Kantabria), 19 urte
- Jacinto Curto Perez, San Juan de Torres (Leon), 27 urte
- Manuel Hidalgo Gonzalez, (Kordoba), 20 urte
- Manuel Gonzalez Amoros, Torrevieja (Alacant), 28 urte
- Felix Manzanares Ortiz, Horcajo de Santiago (Cuenca), 27 urte
- Antonio Marmaneu Estupiña, (Castello de la Plana,) 43 urte
- Hermenegildo Marquina Garcia, Barakaldo (Bizkaia), 25 urte
- Inocencio Martin Arranz, Santa Cruz de la Salceda (Burgos), 44 urte
- Juan Dionisio Ortiz Sanz, Monehuela (Jaen), 27 urte
- Epifanio Osoro Icolbaceta, Durango (Bizkaia), 22 urte
- Bernabe Rodriguez Presa, (Leon), 21 urte
- Angel Santamaria Legaria, Moreda (Araba), 35 urte
- Antonio Valdivielso Secada, Valienzo (Kantabria), 25 urte