Salburuko Jaiak ospatuko dituzte asteburuan

Erredakzioa 2024ko ekainaren 27a

La Excavadora taldea. Argazkia: Anatoliy Hlodan

Ostiral arratsaldean, Hankaluzeren jaitsierarekin, abiatuko dira jaiak. Alde Zaharra eta Aranbizkarra auzoetan eta Araian ere izango da festa, besteak beste.

Gasteizko Salburua auzoko jaiak hasiko dira ostiral honetan, igandera arteko egitarauarekin. 17:30ean jaitsiko da jaietako maskota, Hankaluze, eta ofizialki hasiko da 2024ko jaien edizioa. Salburutik Palestinara elkartasuna bidaltzeko baliatuko dute pregoia. Egitarau oparoa antolatu dute bizilagunek, kalejira eta buruhandiak, hamaika kontzertu, barrakak eta txosnak, auzo bazkaria eta herri kirolak izango dira asteburuan zehar, besteak beste.

Larunbatean izango dira kontzertu potoloak, La Excavadora taldearekin kartelburu gisa. Akelarre Gasteiz txaranga, Los Dar2 eta Caiman taldeak ere arituko dira oholtza gainean. Ostiralean Obaneuke musika taldearen dantzaldia izango da, eta bi egunetan izango dira DJak ere. Hemen ikus dezakezue egitarau osoa.

Aranbizkarrako jaiak

Ostiralean hasiko dira Aranbizkarrako jaiak ere, 19:00etan Patatoren jaitsiera eginda. Ekainaren 28tik 30era, ostiraletik igandera, ospatuko dira jaiak. Potato taldea izango da ostiralean kontzertua ematen, eta larunbatean J Martina taldeak eskainiko du ikuskizuna, beti ere beste talde batzuez lagunduta. Larunbatean bertso bazkarian abestuko dute Iñaki Viñaspre eta Aitor Bizkarra bertsolariek, eta Lorategi tabernan daude bazkariko ticketak salgai 10€ren truke.

Araiako jaiak

Arnas luzeagokoak izango dira Araiako jaiak. 28 ostiralean hasiko dira hauek ere, eta astelehenera arte luzatuko dira, baina uztailaren 6an eta 7an ere, hurrengo asteburuan, izango dira ekimen ugari bertan, Asparreneko Udalak jakinarazi duenez. Elektrotxarangak, zezensuzkoak, El Ultimo ke Zierre eta Josetxu Piperraken kontzertuak, danborradak, denetik izango da Araian eta Intuxin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago