Adurtza eta J. Pérez ardotegia eskutik doaz, auzoaren 55 urteko historiaren lekuko. Ontziratu gabeko ardoa saltzen zuten hasieran Heraclio Fournier kaleko txoko honetan, botilaratutako ardoa eskaintzen hasi ziren gero, eta hirugarren etapa bat hasi zuen dendak duela bi urte Xabier Amestoy eta Sugoitz Holgadorekin. "Eraldatuz joan da ardotegia, baina esentziari eusten saiatzen gara; garai bateko ardoen eta etorriko diren ardo berrien arteko oreka bilatzen", gogoratu du Amestoyk. Betiko bezeroak zaindu, eta gazteengana heltzeko erronka dute aurretik.
Bikotearen osabarekin eman zituen lehenengo pausoak ofizioan Amestoyk, eta hura gaixotu zenean egin zen dendaren kargu, kuadrillako lagun Holgadorekin batera. "Joseren bidea jarraitu genuen, baina pixkanaka gure ikuspuntua eta gure beharretara moldatzen joan da ardotegia". Amestoy familia Lantziegotik dator, gainera, eta ardoaren munduarekin beti izan dute harremana, oinarrizkoa bada ere, baina bereziki azken hiru urteetan murgildu dira gauza berriak probatu eta deskubritzen. "Lehen, upategi ezagunen ardoak saltzen ziren gehienbat hemen, eta gu marka bereziagoekin hasi gara; upategi txikietako ardoekin, eta modu ekologikoan ekoiztutakoa badira, are hobeto".
Dendarako ardo bat edo beste aukeratzeko garaian, ardo horrek atzetik egin duen "bidea" da irizpide nagusia, Amestoyk azaldu moduan, frantseseko vigneron hitzak ondo laburbiltzen duenez. "Ardoa egiteko prozesu guztiak kontrolatzen dituen artisaua bilatzen dugu, baita mahastiak landu eta bide osoa egiten duena ere". Dendako botila guztien artean, %90 inguru Arabako Errioxakoak dira, baina beste leku batzuetako proiektu interesgarriak ere bilatzen dituzte. Besteak beste, Priorat, Toro, Ribera del Duero eta Sierra de Salamanca sor-markakoak aukeratu daitezke, eskaintza zabal baten artetik. "Azkenaldian, Orense aldeko ardogile txiki bat deskubritu dugu, mila bat botila merkaturatuko dituena. Eta, Arabakoen artean, Labrazako Hontza upategia, esaterako, ardo oso bereziak egiten dituena".
"Esentziari eusten saiatzen gara; klasiko eta berrien arteko orekan"
Xabier Amestoy, ardo saltzailea
Izan ere, publiko klasikoa mantentzen badute ere, gazteek gauza berriak probatu nahi dituzte, eta horiengana ere heldu nahi dute. "Gu ere aldatu gara, gure gustuak. Hemen hasi ginenean, bakarrik Arabako Errioxako urteko ardoak edan nahi genituen, eta pixkanaka horri buelta eman dioten ardo desberdinak ezagutu ditugu".
Publiko gazteagoetara heltzeko asmoz, ardotegiari buruzkoak sare sozialetan jasotzen dituzte, eta bestelako ekimen batzuk ere prestatzen ari dira. Joan berri diren Adurtzako jaietan, esaterako, 200 lagunentzako dastatze saio bat izan dute txosnagunean, eta igande honetan –ekainak 30– Salburua auzoko jaietara eramango dute jarduera; 50 bat lagunentzako saioa egingo dute eguerdian. "Ardoaren mundua eremu desberdin batera eramatea zen helburua, eta interesgarria izan da emaitza". Jaiez harago, gainera, urtean zehar dendan bertan dastatze saio bat egiteko erreserba egin daiteke (655 723 282).