Nestor Basterretxearen 'Euskal Serie Kosmogonikoa' ikusgai Montehermoson gaurtik aurrera

Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 10:53

Nestor Basterretxea serieko 'Triku Harri' lanarekin. Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa

Euskal mitologian eta objektu tradizionaletan oinarritutako 18 pieza egongo dira Montehermoson. 19:00etan izango da inaugurazioa, eta irailaren 29a arte egongo da zabalik Ur Biltegi Zaharrean.

Nestor Basterretxea jaio zenetik mendea igaro denean bere eskultura multzo ezagunenetako bat Gasteizen ikusgai izango da udan zehar. Euskal Serie Kosmogonikoa bilduma 70eko hamarkadan ondu zuen Basterretxeak, Aita Barandiaranek euskal mitologiari buruz egindako ikerketan oinarrituta, eta Bilboko Arte Ederren Museoari eman zion dohaintzan hil aurretik. Orain, Montehermosorekin akordioa lortuta, Gasteiza ekarri dute eskultura multzoa, mendeurrenaren harira egingo den erakusketarako.

Erakusketa aurkeztu zuten atzo Zuriñe Elordik, Gasteizko Udaleko Kultura zuzendariak, eta Gorka Basterretxea erakusketaren komisarioak, baina gaur inauguratuko da, 19:00etan. Ordutik zabalik izango da Montehermosoko Ur Biltegi Zaharrean, irailaren 29a arte, eta bisita gidatu ezberdinak antolatu dituzte lana ezagutzeko.

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrenean kultura arloko hainbat erakundek goraipatu dute artistak esparru ugaritan egindako ekarpena, izan arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zineman edo euskal kulturaren sustapenean. Urte osoan zehar Euskal Herriko hainbat lekutan omenduko da Basterretxearen ondarearen "zabaltasun eta sakontasuna eta bere konpromiso soziala". Erakusketaren antolatzaileek gogorarazi dute artistaren lanak oraindik indarrean daudela Euskal Herriko iruditegi kolektiboan.

Bisita gidatuak

Bi bisita gidatu ezberdin antolatu dira datozen hilabeteetarako. Lehena, Montehermosoko erakusketa ezagutzeko soilik. Ez da aurrez izena eman behar, eta ostiral batzuetan egingo da, 19:00etan. Uztailaren 12 eta 19an, abuztuaren 16, 23 eta 30ean, eta irailaren 20 eta 27an.

Bigarrenak, Montehermosoko erakusketaz gain, Lasarteko elizan dauden Basterretxearen lanak ezagutzeko aukera ere emango du. Izan ere, 1975ean Arabako Foru Aldundiak eskatu zion Basterretxeari gurtzako objektuak egin zitzala Lasarteko elizako presbiteroan jartzeko, eta haritzez egindako bi eskultura daude bertan. Bi larunbatetan izango dira bisita bikoitz hauek, 10:00etan, uztailaren 27an bata eta irailaren 14an bestea. Bisita mota honetarako aurrez izena eman beharra dago, Entradium.com webgunean edo 945 16 18 30 telefonora deituta.

Euskal Serie Kosmogonikoa

Nestor Basterretxeak 1972 eta 1975 urteen artean egin zituen Euskal Serie Kosmogonikoa bildumako lanak. Aita Barandiaranek 1972an euskal mitologiari buruz egindako ikerketa etnologikoa hartu zuen oinarri gisa horretarako, eta euskal mitologiaren unibertso oso bat sortu zuen Basterretxeak. Erakusketa aurkeztean, Zuriñe Elordik adierazi du"antzinako euskal kulturarekiko identifikazioa bilatzea" izan zela Basterretxearen lehentasunetako bat. Euskal Serie Kosmogonikoan eskultoreak "mitologian bilatu zuen sinesmen eta tradizio herrikoien jatorria", eta serieko eskulturek irudikatzen dituzte, jainkoak, deabruak, erritoak, fenomeno kosmikoak eta beste hainbat elementu mitologiko, antolatzaileen esanetan.

Hemezortzi daude bilduman. Akelarre, Aker Beltz, Eiztaria, Gaueko, Idittu, Illargi Amandrea, Intxixu, Amalau Zanko, Argizaiola, Argizaiola Zuta, Bost Haizeak, Eate, Mairuak, Ostadar, Triku Harri, Majue, Mari eta Torto lanek osatzen dute seriea. Haritz egurrez eginak daude denak, brontzez egindako Triku Harri lana izan ezik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago