Osakidetzako biltegi zerbitzua pribatizatzeko asmoa salatu dute Santiago ospitaleko langileek

Erredakzioa 2024ko ekainaren 27a

Santiago ospitalean egindako protesta. Argazkia: Enpresa Batzordea

Iurretan logistikarako gune handia eraiki nahi dute, Osakidetzaren zentro guztiak hornitzeko, kudeaketa pribatua izango duena. Langileek gaitzetsi dute sareko 27 biltegiak ordezkatu eta lanpostuak arriskuan jarriko dituela.

Osakidetzako langileak protestan ari dira Gasteizen eskatzeko biltegi zerbitzua %100ean publikoa izan dadila. Joan den asteazkenean Txagorritxuko langileek egin zuten bezala, aste honetan Santiagokoek egin dute elkarretaratzea, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Salatu dute Iurretan eraikitzekoa den plataforma logistikoak Osakidetzaren "desegite eta pribatizazioa sakondu" egingo duela.

Egun 27 biltegiko sarearen bidez hornitzen dira Osakidetzako ospitaleak zein lehen mailako arreta guneak, baina zerbitzu hau pribatizatzeko asmoa dutela salatu dute sindikatuek. Izan ere, ohartarazi dutenez, Iurretako eraikina titulartasun publikokoa izango bada ere, pribatua izango da kudeaketa, Osakidetzak kanpoko enpresa bati esleitzeko asmoa baitauka. Protestan adierazi dute "enpresa pribatuak, beren interesekin," geroz eta leku gehiago hartzen ari direla Osakidetzan, eta "erakundearen egitura publikoa murrizten" ari dela.

Santiagon bildutakoek adierazi dute Iurretako logistika guneak arriskuan jartzen duela biltegietako langileen jarraitutasuna, bere gain hartuko lituzkeelako sareko 27 biltegien zereginak. Sindikatuek Osakidetzaren asmoen aurka egin dute EAEko kontratuen inguruko administrazio organoan, baina atzera bota ditu organo honek langileen ordezkarien eskaerak. Horren aurrean, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute, salatzeko "lanpostu publikoak desagertzen direla, enpresa pribatuari emateko". Uztailaren 10ean eta 17an protestan arituko dira berriz ere, Txagorritxun lehenik eta Santiagon ondoren, 12:00etan bi egunetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago