1979ko ekainaren 25ean, orain dela 45 urte, Enrique Gomez Korta gasteiztarra Baionako Panecau kalean auto batetik tirokatu eta hil zuten. Batallón Vasco Españolek erailketa bere gain hartu zuen. Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du, Santa Maria plazan, Gasteizko alde zaharrean. "Bizikidetza demokratikoaren parametroetan bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute, eta biktima guztien aitortza, justizia eta erreparazioa.
Korta Leonen jaioa zen, baina hiru urte zituenean bere familia Gasteizera lekualdatu zen. Kortak Samaniego eta Jesus Obrero eskoletan ikasi zuen; ondoren euskara ikasi eta euskara irakasle lanetan jardun zen. 1974. urtean, Poliziak hainbat atxiloketa egin eta gero, Ipar Euskal Herrira joan zen. Fundazioak hainbatetan gogoratu duenez, "estatu aparatuek gerra zikina baliatu zuten euskal errefuxiatuen, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko".
Gasteizen asteartean egindako ekitaldian, Fundazioaren izenean, Pilar Garaialdek hartu du hitza, Paulo Garaialde 1982ko hasieran Triple A taldeak aldarrikatutako hilketa batean hildako taxilariaren alabak. "Askotan entzun dugu biktima guztiei zor diegula egia, aitortza, justizia eta erreparazioa; diskriminaziorik gabe, salbuespenik gabe. Erraz esaten den esaldia da, baina Estatuaren indarkeria jasan duten pertsonen kasuan oso zaila da errealitate bihurtzea. Gehienek, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, ez zuten inoiz justiziarik izan. Kortak, Martxoaren 3ko sarraskian hildako lagunek, Vicente Berriok, Jokin Diestrek... eta beste pertsona askok ez zuten halakorik izan ", salatu du.
Horren aurrean, fundazioko kideak adierazi du normalizazio politikorako urratsak egin nahi badira, exijitu beharrekoa dela estatuko erakundeek, poliziek eta arduradun politikoek "publikoki onartzea terrorismoaren aurkako borrokaren babesean" egindakoak. Besteak beste, kritikatu du "isiltasun itun bat" egin zutela bere garaian, "terrorismoa estatuaren beste tresna bat" bilakatzeko, eta hura sostengatzen duela oraindik ere Sekretu Ofizialen Legeak, "gerra zikinarekin eta estatu terrorismoarekin" lotutako informazioa ezkutatuz. Horrenbestez, fundazioak Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.