AMVISA Gasteizko Udal Urak enpresan herritarrei arreta ematen dieten langileak bost eguneko greba egitera deitu ditu ELA sindikatuak. Zazpi pertsona daude azpikontratatuta funtzio horretan, horietako sei emakumeak, eta lan baldintzak hobetzeko asmoz joko dute protestara uztailaren lehenetik aurrera.
ELA sindikatuak salatu du langile gehienek lanaldi partzialak dituztela, eta Bizkaiko bulegoetako hitzarmena aplikatzen zaiela, 2011. urtetik berritu gabe dagoena. Lan karga handiak dituztela ohartarazi du sindikatuak eta, ondorioz, langile falta dutela "milaka erabiltzaileri behar bezalako arreta emateko". Bezeroen arreta asko atzeratzen dela jakinarazi dute, 30 minututik gorako itxaronaldiekin, eta horrez gain administrazio lan asko gelditzen direla egiteko. Eskaini beharreko zerbitzu publikoari kalte egiten diote lan baldintzek, ELAren esanetan.
Aipatutako zazpi langileek egiten diete bezeroei lehen arreta, eta haiek arduratzen dira kobrantzez, online tramiteez, erabiltzaileen altak eta bajak kudeatzeaz eta kontratuen jarraipena egiteaz, besteak beste. AMVISAk azpikontratatu egiten du arreta zerbitzua, eta enpresa kudeatzailea aldatzekotan lanpostua galtzeko arriskua dute langileek, ELAk ohartarazi duenez. Izan ere, ez dute subrogazio eskubiderik, eta abenduan zerbitzua lehiaketara aterako denez lanpostuak galdu ditzakete. "Egonkortasun eta jarraitutasun" falta salatu du ELAk.
AMVISA eta azpikontratatutako enpresari leporatu diete konponbiderik jarri ez izana langileen eskaerei. ELAk adierazi du "onartezina" dela Gasteizko Udalak neurririk jarri ez izana prekarietatearekin amaitzeko. "Lanaldi partzialak, hilean 1.100€ pasatxoko soldatak eta enpleguan egonkortasunik gabe" daude langileak, sindikatuak salatu duenez. Egoera konpontzeko jarrera hartu ezean, grebara deitu ditu ELAk zerbitzuko langileak, uztailaren 1etik 5era.