Arabar marrazkilari "ezkutua" argitara atera dute

Erredakzioa 2024ko ekainaren 25a

Olagibelen marrazkiak jaso ditu erakusketak. Irudia: ERDI AROKO ARABA

Joaquin Olagibel Urbina marrazkilari zaletuaren biñetak bildu dituzte azarora arte Fournier museoan ikusi ahalko den erakusketa batean. 

Crayon, Marrazkilari ezkutu baten urratsen atzetik izeneko erakusketa ikusgai izango da gaurtik hasita eta azaroaren 25era arte Arabako Fournier Karta Museoan. 

Arabar marrazkilari amateurraren lanak berreskuratu ditu Erdi Aroko Araba elkarteko Ander Gondra historialariak, erakusketaren komisario lanetan ibili baita Gondra. 

Joaquin Olagibel Urbina Crayon XX. mendeko lehen hamarkadetan ibili zen marrazkilari. "Karikaturagile eta umoregile belaunaldi berri baten altzoan abiatutako prentsa satiriko-politikoaren berrikuntza" bizi izan zuen garai horrek, erakusketaren aurkezpena egiten duen testuaren arabera. 

Ogibidez militarra zen Olagibel Urbina, baina zaletu gisa pintura eta marrazkigintza landu zituen. Garai horretako beste artista asko bezala, Ignacio Diaz Olano maisuaren inguruan bildu zen Crayon.

Madrilgo prentsan marrazkiak argitaratu zituen 1913-1917 urte tartean. Lehen Mundu Gerraren testuinguruan izandako umore kontserbadorea landu zuen horietan. Baina, modu berean, 1930-1932 urte tartean Celedon aldizkariarekin egindako kolaborazioak ere jaso ditu erakusketak. 

Hirugarren urtea da Erdi Aroko Arabaren eta Komedialdia umore jaialdiaren arteko elkarlana egiten dutena. 2022an Ricardo Becerro de Bengoaren marrazki satirikoak berreskuratu zituzten, eta iaz Celedon aldizkariaren lehen etapa landu zuten —bertan agertu baitzen Zeledoni buruzko lehen irudi grafikoa—.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago