Krisi batzordea sortu du udalak, zibersegurtasuna indartu nahian

Erredakzioa 2024ko ekainaren 21a

Zibersegurtasuna indartuko duela iragarri du Gasteizko Udalak. Argazkia: ALEA

"Balizko mehatxuei" aurre egiteko "tresna berriak" jarriko dituela iragarri du Gasteizek. 

Segurtasun eta Pribatutasun Zuzendaritza Batzordea eta Krisi Batzordea sortzea erabaki du Gasteizko Udalak gaurko gobernu batzarrean. 

Erakundeak iragarri duenez, udalaren sistema informatikoei eta "herritarren datu pertsonalei" eragin diezaieketen "balizko gertakari edo mehatxuei aurrea hartzeko" balioko du gaur hartutako erabakiak. Norabide horretan, "tresna berriak" izango dituela iragarri du, baina ez du zehaztu tresna horiek zertan gauzatuko diren, batzorde horiez gain. 

Udalak argudiatu du informatika, informazio eta kontrol sistemak "indartu eta eguneratu" behar direla etengabean. Sonia Diaz de Corcuera Administrazioa Modernizatzeko zinegotziaren esanetan, "gure azpiegiturak eta informazio-sistemak babesteko beharrezkoak diren tresnak izan behar ditugu". Dioenez, zibersegurtasuna "estrategikoa eta lehentasunezkoa" da udalarentzat. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago