Science by Women programan banatutako beka jaso duten emakume zientzialari afrikarrek beren lanak aurkeztuko dituzte Gasteizen. Ekainaren 24 eta 25ean izango da biltzarra, astelehen eta asteartean, UNEDen Gasteizko egoitzako Now is Africa gelan. Afrikaren Aldeko Emakumeak Fundazioak eta UNED urrutiko hezkuntzarako unibertsitateak hamar urte daramatzate nazioarteko lankidetza programa sustatzen, Afrikako emakumeek zientzian eta teknologian parte hartu dezaten bultzatzeko. 160 ikertzaile afrikarretik gora izan dira Espainiako Estatuan sei hilabeteko egonaldiak egiten, ikerketa zientifikoetan parte hartuz.
Kongresu honen bidez nabarmendu nahi izan dituzte Science by Women programaren onuradunen lorpenak. Haien ikerketa proiektuen hedapena sustatzeko eta "mundu osoko zientzialarien arteko ezagutza eta esperientzia trukaketa bultzatzeko" ekitaldi sorta bat diseinatu dute, eta lehena izango da Gasteizko bilkura.
Bi mahainguru izango ditu biltzarrak. Lehenengoa, "Lankidetza eta ezagutzen transferentzia: Science by Women programaren eragina" izenekoa. Bertan, genero ikuspegiarekin eztabaidatuko dituzte azken hamarkadetako lorpenak eta lankidetza zientifikoaren erronkak eta aukerak. Bigarren hitzaldiak, "Kontinenteen arteko zubiak eraikitzen: Afrikak osasun publikoaren arloan dituen erronkei aurre egiteko elkarlaneko ikerketa ahaleginak" deituak, osasun publikoa izango du ardatz. UNEDen webgunean ikusi daiteke egitarau osoa.
Genero ikuspegi berritzailea, Afrikako errealitatera egokitua
Antolatzaileen hitzetan, Science by Women programaren berezitasuna da genero ikuspegi berritzailea erabiltzen duela, kontinenteko egoerara moldatzeko. Programak ez du adin mugarik ezartzen parte hartzaileentzat, emakumeek jasaten dituzten oztopo ezberdinak saihesteko. Bestalde, ikerketa egonaldietan malgutasuna eskaintzen dute, familia eta laneko erantzukizunak orekatu ahal izateko.