Datorren astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro jaiak, Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoi parte hartzaileak. Urtero bezala auzoko elkarte, merkatari eta bizilagunen proposamenekin bete da egitaraua, ia ehun ekimen ezberdin antolatu dira. Ekainaren 24 astelehenetik 30 igandera zapi berdea jantziko dute auzokideek. "Jaitik iraultzara pauso bat da. Egin bide, auzokide! Turista, coge pista!" da aurtengo jaietarako hautatutako leloa.
Hainbeste ekimenekin, ezin denetara joan, eta aukeratu beharra dago. Astelehenean 18:30ean botako dute jaiei hasiera emateko txupina, "Bollerias plazan", eta kalejira abiatuko dute bertatik 19:30ean. Ostegunean urteroko auzolana egingo da, Auzolana frontoia konpontzen bukatzeko, kasu honetan. Larunbatean, beti bezala, ginkana edo aldarrikapen jolasa egingo da goizean, eta bazkari autogestionatua ondoren.
Jaien antolakuntzatik salatu dute auzoan bizitzea geroz eta zailagoa dela "poliziaren presentzia, pisu turistikoen gorakada eta alokairuen garestitzearen ondorioz". Egoera honen aurrean, ohartarazi dute, ezinbestekoa dela "kalera irten eta elkartzen garenean gure ardura, haserre, amorru eta borrokak partekatzea". Horretarako aukera emango dute jaiek, esan dutenez, kontzientzia astindu eta auzoa eraldatzeko esparru direla.
Aurtengo jaien kartelean ikus daitezke bizilagunak auzoa kaltetzera datozen zonbiei aurre egiten. Behean, jaietako egitarau osoa.

