Gasteizko Udalak Ez nazazu utzi kanpaina aurkeztu du, kontzientzia sortzeko konpainia animaliak izateak dakarren erantzukizunari buruz. Ohartarazi dute animaliak abandonatzeak ondorio negatiboak dituela bai animaliaren osasunean, noski, baina baita herritarren segurtasunean eta osasun publikoan ere. Animaliak dituzten edo izateko asmoa duten pertsona guztiei dago zuzendua udalaren ekimena, baina batez ere txakur eta katuen jabeei, hauek direlako gehien abandonatzen diren espezieak, 429 txakur eta katu, gutxienez, 2023. urtean.
Ana Lopez de Uralde Osasun zinegotziak adierazi du "animaliak abandonatzea oraindik ere konpondu gabeko arazoa dela". Azaldu du konpainia animaliek ongizate eskubideak aitortuak dituztela, eta jabeen ardura dela horiek betetzea. Animalia bat hartzeak berekin dakar "bere bizitza osoan zaintzeko eta artatzeko erantzukizuna", zinegotziaren esanetan, eta "ez da aukera bat edozein ezustekoren aurrean animaliaz libratzea". Adierazi du abandonatzea inoiz ez dela alternatiba.
Ardura handia da animaliak izatea, Ez nazazu utzi kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez. Mikrotxiparekin identifikatzea beharrezkoa da txakur eta katuen kasuan, txertoa jartzea, albaitariarengana eramatea, antzutzea, erantzukizun zibileko aseguru bat izatea txakurrarentzat, animalia heztea bizikidetza arauak errespeta ditzaten, asko dira hartu beharreko neurriak, eta konpromiso hori hartzeko prest egon beharra dago animalia hartzean.
Abandonatzeko arrazoiak
Arrazoi ugari zerrendatu ditu Osasun zinegotziak animaliak abandonatzeko kausa, edo aitzakia, nagusien artean: nahi ez diren kumaldiak, animalien portaera arazoak, animaliarekiko interesa galtzea, ehiza denboraldia amaitzea, faktore ekonomikoak, bizilekua aldatzea, alergiak, ospitaleratzea edo heriotzak, denbora edo leku falta, seme-alabaren bat jaiotzea edo enplegua galtzea.
Animaliak Babesteko Zentroak jasotzen ditu abandonatutako animaliak, eta Armentiako instalazioetan zaintzen dituzte norbaitek adoptatu arte. 2023an 185 txakur eta 166 katu adoptatu zituzten zentroan, aurreko urtean baino hogei bat gehiago.