AMVISAk, Gasteizko Udalaren ur enpresak, bere izena erabiliz egiten ari diren iruzur saiakera baten inguruan ohartarazi du. Asteburuan izan zuten horren berri, gizonezko bat, trajea jantzita eta AMVISAren identifikazio txartela zeramala, kobratzeko garaian arazo bat gertatu zela esanez, uraren faktura kobratzeko asmoz Zabalgana auzoko etxebizitza batera joan zenean.
Gertakari horrekin lotuta, AMVISAk ohartarazi du inoiz ez dela etxebizitzetara joaten fakturen ordainketa erreklamatzera edo zuzenean dirua eskatzera. Udal enpresak egoera horren berri eman dio Udaltzaingoari eta abonatuei gomendatu die gauza bera egiteko era horretako jazoeraren bat gertatzen bazaie.