Aste honetan hasi dira lanean bideozaintzarako prestazio altuko 17 kamera instalatzeko. Bideozaintza sistema konfiguratzeko lanak ere egin dituzte, eta udalaren sarean beharrezko egokitzapenak egin ostean hasi dira kamerak ezartzen. Datozen bi asteetan udaletxe inguruko kamerak jarriko dituzte, eta aurrerago erdialdeko beste zonaldeetan: Andre Maria Zuriaren plaza, Arkupekoak, San Frantzisko aldapa, Bakardade eta San Frantzisko Xabierko kantoietako arrapala mekanikoak, denak egongo dira kameren begiradapean.
Instalatzen hasitako kamera gehienak buru anitzekoak izango direla jakinarazi du udalak, hainbat objektibo dituztenak. Irudi argitasun handiagoa lortuko omen dute, eta zonalde zabalak zaindu, ikuspegiaren 360ºra ere iritsita. Adierazi dute aurrerapen handia dakartela kamera hauek, orain arteko kamera analogikoen aldean. 117.102,59€ baliatuko ditu udalak bideozaintza sistema guztia berritzeko.
Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak jakinarazi du, orain 17 jarriko badira ere, datozen urteetan halako 100 kamera instalatu nahi dituztela Gasteizko hainbat leku estrategikotan. Segurtasunari dagokionez "jauzi teknologiko handia" ekarriko duela adierazi du Gurtubaik. Delituak prebenitzeko eta ikertzeko funtsezko elementuak direla esan du, eta lehen urratsa dela egun hauetan ematen ari dena.