Osteguna Rock Vital Fest bueltan da, 2024ko edizioarekin. Ekainaren 20an, ostegunez noski, hiru kontzertu izango dira Andre Maria Zuriaren plazan, Gasteizen. Azkena Rock jaialdia hastearekin batera, doako eskaintza antolatu dute Araña del Rock kultur elkarteak eta Vital fundazioak. Deaf Devils, Åskväder eta Fury taldeen emanaldiez gozatzeko aukera izango da ostegunean.
19:00etan, jaialdiari hasiera emateko, Deaf Devils taldeak emango du ikuskizuna. Death punk eta action rock estiloen artean mugitzen da talde valentziarra, eta frogatzera datoz "punka ez dagoela hilda".
Ondoren, 20:10ean, Åskväder talde rockero suediarraren txanda izango da. "Tximistak eta trumoiak" hitzeman dituzte haien rock elektrikoarekin. Taldearen izenak berak ekaitza esan nahi omen du.90. hamarkadako rock eskandinaviarra nahasten dute blues ukituak eta errepika itsaskorrekin. Rock'n'roll hutsa.
Amaitzeko, Fury taldeak joko du 21.40ean. Old school metalaren jarraitzaileak dira, Iron Maiden eta Metallica taldeen oinordeko. Julian Jenkinsen ahotsak gidatutako talde ingelesa ezaguna da zuzeneko emanaldi dinamiko eta harrigarriak sortzen dituelako.