Andre Maria Zuriaren jaiek badute kartel berria, Zeledonen jaitsiera izeneko lanak irabazi baitu kartel lehiaketa, udalak gaur bertan jakinarazi duenez. Amaia Arrazola Otaduy gasteiztarrarena da diseinua, eta bere kartelak iragarri eta girotuko ditu Gasteizko jaiak abuztuaren 4tik 9ra.
37 kartel aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Lehen fasean bost finalista hautatu zituen Arabako diseinu arloko bost profesionalek osatutako epaimahaiak. Azkenik, finalisten artean Arrazola Otaduyren kartela suertatu da irabazle. 2000€ko saria jasoko du irabazleak, eta 500€ finalista bakoitzak.

Amaia Arrazola Otaduy
40 urteko gasteiztar honek ilustratzaile moduan dihardu lanean, freelance moduan, eta muralak egiten ere aritu izan da, munduko lau kontinente ezberdinetan. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen Madrilen, eta arte zuzendari gisa aritu zen bertan, publizitatearen eremuan. Ondoren Bartzelonara joan zen, eta han hasi zuen ibilbidea ilustratzaile gisa. Egun, artearekin lotutako bi esparrutan dabil lanean. Batetik, argitaletxeentzako marrazkiak egiten, eta formatu handiko horma irudietan, bestetik.
Fournier enpresarentzako kartak ere egindakoa da, tarot bat ilustratu zuen kartagile gasteiztarrentzat. Liburu ugari argitaratu ditu, besteak beste, Wabi-sabi, El meteorito edo Totoro y yo. Bere azken lana da La granja. Un libro-mascara.