Bizan Judimendiko erabiltzaileek gune duin bat exijitu dute

Erredakzioa 2024ko ekainaren 18a

Bizan Judimendiko erabiltzaileak Arartekoaren aurrean batu dira. Argazkia: ALEA

Irisgarritasun arazoak egotzi dizkiote egoitzari Judimendiko bizilagunek, eta baliabide berriak eskatu dituzte.

Adinekoen egoitza soziokulturalaren egoeraz kexatu dira gaur Bizan Judimendiko erabiltzaileak. Adierazi dute barruko espazioak txikiak direla, irisgarritasun arauak ez dituela betetzen eta jarduerak egiteko leku gutxi dutela. Eskatutako baliabideen artean daude jangela bat, infoteka, irakurgela edo podologoa, besteak beste. "Guztiak beharrezkoak dira zahartze aktibo, osasuntsu, autonomoa izan eta aurre egiteko nahi ez den bakardadeari".

Tamaina txikiagatik, jarduera eskaintza murritzagatik eta irisgarritasun faltagatik pertsona asko Bizanetik kanpo geratu direla azaldu dute. "Gaur egun, lokalak egunero betetzen dira, baina badakigu asko direla bertara joan nahi luketenak". Halaber, Judimendiko auzoak 60 urtetik gorako pertsonen tasa handia izanik, Bizan "duin bat beharrezkoa" dela nabarmendu dute.

Gasteizko beste auzoek Bizan zentro berri bat jaso dutela gogoratu dute, San Martin auzokoa, esaterako. Judimendiko Bizan lokaleko erabiltzaileek egindako eskaerek ez dute erantzun positiborik jaso, eta "adinekoek oraindik ez dute ezagutu egoitza duinik". Hori dela eta, Gasteizko Sindikoari eta Arartekoari bitartekaritza eskatu diete, Bizan Judimendiko lokala birkokatzeko planei lehentasuna eman diezaioten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago