Elena Martinez de Madina Salazar filologoak jasoko du Urrezko Zeledon Saria

Erredakzioa 2024ko eka. 17a, 13:56

Elena Martinez de Madina Salazar, saria jasotzean. Argazkia: Javier Sedano, Urrezko Zeledonak.

Gasteiz eta Euskal Herriko toponimia berreskuratzeko egindako lana saritu dute. Lehen aldia da emakume batek saria jasotzen duena beste inorekin partekatu gabe.

2023ko Urrezko Zeledon sariak badu irabazlea, Elena Martinez de Madina Salazar. Euskal filologian lizentziatutako gasteiztar honek Gasteizko toponimia ikertu eta berreskuratzen egin du lan. 17 hautagaien artean aho batez hautatu dute bera epaimahaikideek.

Martinez de Madinak 20 urte daramatza Euskal Herriko onomastika eta toponimian murgilduta, bereziki Gasteizkoan. "Izen ahaztuei hautsa kentzea izan da nire lana" adierazi du izendapena jasotzeko unean."Basoa eta Arana bezalako toponimoak ditugu, gasteiztarrek jarriak duela mende asko".

Emakumeak omendu ditu Martinez de Madina Salazarrek. "Emakume gasteiztarrak izan dira gerraostetik tradizioak mantendu dituztenak". Lehen aldia da emakume batek Urrezko Zeledon saria jasotzen duena, beste inorekin partekatu gabe.

Saria ofizialki irailaren 10ean emango diote, Gasteiz eta Arabaren irudia hobetzen lagundu duten pertsonei eskainitako omenaldia. Iaz, Gorka Ortiz de Urbina eta Elisa Ruedak jaso zuten Urrezko Zeledon izendapena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago