Oiongo San Bizente ikastolaren aldeko jaia izan da aurtengo protagonista, eta omendu duten erakundea Arabako Errioxako helduen euskalduntzean lan eginez urteak daramatzan IKA euskaltegia izan da. Goizeko hamarretan abiatu dute Araba Euskaraz jaia, Olarizuko etxaldearen ondoko auditorio begetalean. Instituzioen aldetik, ekitaldian parte hartu dute Gasteizko alkateorde Beatriz Artolazabalek, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Ikastoletako ordezkarien eta agintarien diskurtsoekin batera, Maider Lasa Santamariaren abestiak eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleen dantza bat ere izan dira entzungai eta ikusgai.
Ondoren, hiru gunetan banatu dira ekitaldiak: euskal dantzen topaketa, 'Bertsotan' saioa, Maria Arandiaren Magia eta mirariak familian ikuskizuna, eta Go!azen-en karaokea izan dira goiz partean; eguerditik aurrera, Ibil Bedi, Mirotz, Akerbeltz eta Araba Euskaraz-en aurtengo kanta konposatu duen EH, Mertxe! taldeen kontzertuek hartu dute tokia.
Goizean jada jendea bazegoen arren, eguerditik aurrera hasi da jendetza iristen zelaietara. Orduak pasa ahala bero handiagoa egin duen arren, Olarizun dauden zuhaitzek gerizpe ederra eskaini dute. Hartara, egun pasa egitera joan dira milaka lagunek.