Adingabe bat bortxatzea egotzita, 18 urteko gazte bat atxilotu dute gaur Gasteizen. Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, sexu erasoa igande goizaldeko hirurak aldera gertatu da Ibailakuan, auzoa jaiak ospatzen ari zela.
Erasoaren berri izan ondoren, Txagorritxuko larrialdietara eraman dute biktima, eta han laguntza sanitarioa eta psikologikoa eman diote. Emandako datuekin, ertzainek pertsona bat atxilotu dute, eta gaur bertan utziko dute Gasteizko guardiako epaitegiaren esku.
Ibailakua auzo elkarteak, bere aldetik, "erabat gaitzetsi" du gertatutakoa, eta salatu du ez duela halako jokabiderik jasango, "ez jaietan, ez auzoan ere". Elkartasuna eta babes beroena adierazi dio biktimari, eta elkarretaratzea deitu du gaur, 17:30ean, Ibaiondo gizarte etxean. "Aski da! Erasorik ez!".
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.