Igor Goikolea eta Ane Zabala izan dira irabazleak Gasteizko Mendiak probaren hamalaugarren edizioan. Guztira, 62,3 kilometro egin dituzte Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendizgana, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel lotuz.
907 korrikalari izan dira larunbatean, goizean goizetik, Uribarri Jauregitik abiatu direnak. Gizonen artean, Igor Goikolea izan da garaile 5 ordu eta 43 minutuko markarekin; ezin izan du, ordea, 2015eko marka hautsi, 5 ordu eta 41 minutuan egin baitzuen Xabier Alzolak orduan. Emakumeen artean, berriz, Ane Zabala gailendu da, 7 ordu eta 6 minutuko markarekin; Arantzazu Perez de Arenazak 2015ean egindako marka ere ez du ganditu, 7 ordu eta minutu bateko denboran egin baitzuen.
Manuel Iradier txangozale elkartearen 75. urteurreneko ospakizunen artean topaketa nagusietako bat izan da Gasteizko Mendiak proba, baina beste hainbat jarduera ere izango dituzte urte amaiera arte. Hasierako printzipioei eusten dietela gogoratu dute: "Natura kontserbatzea eta horretaz gozatzea, eta txangozaletasuna eta mendiko kirolak sustatzea arlo guztietan".