Gure Esku herri ekimenak jarraitzen du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean lanean. Gaur, batzar ireki bat egingo dute Gasteizen, Herri Libre Bat dinamika aurkezteko. Landatxo Gizarte Etxean bilduko dira 18:30etan, eta Josu Etxaburu eta Zelai Nikolas izango dira bertan, hitzaldi parte hartzailea gidatzen.
Josu Etxaburu irakaslea eta hainbat elkartetako zuzendaria izan da, eta 2019tik da Gure Eskuko bozeramailea. Zelai Nikolas abokatua da, zuzenbide konstituzionalean eta Europako zuzenbidean aditua, eta 2019ra arte Gure Eskuko bozeramailea izan zen, Angel Olabiderekin batera.
Bagara bideo maratoia
Bagara ekimena aurkeztu zuen Gure Eskuk asteazkenean Donostian, herrien arteko bideo maratoia. Azaroaren 16an ikusiko du argia burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldeko proiektuak. Herrien nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea izango du helburu, eta Euskal Herriko herri bakoitza jarri nahi dute martxan. Euskal Herria irudikatuko dute, "bat garela eta bagarela ikusaraziko dugu".