Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformak "positibotzat" jo du Lazarraga kultur elkarteak eta Gasteizko Udalak espazio eszeniko horren inguruan adostu duten akordioa. Plataformaren aburuz, akordio horrek "auzia katramilatu duen korapiloa askatzeko bidea" eman du, eta adostasuna lortuta, "berehala irekitzeko ordua" iritsi dela uste du. "Ez dago aitzakia gehiagorik".
Plataformaren arabera, Gasteiz Antzokiaren inguruko auzia udalak berak sortutako arazoa denez, berari zegokion konponbidea ematea, baina, azkenean "mataza libratzeko proposamena" Lazarragak egin duela gogoratu du, "eta ez udalak". Mahai gainean bi alternatiba nagusi izan direla azpimarratu du: bitarteko konponbidea saiatu —non alde biek kontzesioak egiteko prest egon behar zuten— edo, Lazarraga elkartearen amaiera onartu, horrekin Gasteiz Antzokiaren egitasmoa bera guztiz ukituta geratuko zela. "Lazarragak hasieratik egin du lehen aukeraren aldeko apustua. Ardura eta erantzukizun handiz jokatu du: onartu egin du udalak esleitu dion zor eztabaidagarri hori baina, aldi berean, aurtengo arazoa ez errepikatzeko bermeak ere lortu ditu, plan operatiboaren moldaketari esker".
"Beste behin ere frogatuta geratu da nork egin duen sukaldeko lana, nork jarri duen kemena eta nork bilatu duen soil soilik foku mediatikoa"
Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataforma
Lortutako akordioa ona da euskararentzat, plataformaren ustez, eta baita aisialdiarentzat, hiriarentzat eta hiritar ororentzat ere. "Espero dugu orain jakinarazi zaigun akordioa ez dela izango udalak egin duen enegarren iragarpen hutsala; ez dela ezerezera etorriko, alegia".
Lortu den akordioa ona dela azpimarratu arren, prozesu honetan guztian udal agintariek, hala legealdi honetakoek nola aurrekoek, proiektuarekiko erakutsi dituzten "utzikeria, borondate falta eta distira mediatikorako grina" nabarmendu ditu platataformak. "Beste behin ere frogatuta geratu da nork egin duen sukaldeko lana, nork jarri duen kemena eta nork bilatu duen soil soilik foku mediatikoa".
Plataformak argi utzi nahi du lanean jarraituko duela "Gasteiz Antzokia errealitate izan arte" eta adi segituko dutela lortutako akordioak bete daitezen.