Arte Ederren Fakultatearen hasierako espiritua berreskuratuko dute Udaberri Festan

Erredakzioa 2024ko eka. 12a, 10:37

Arte Ederren fakultatea orain. Argazkia: EHU

Artium museoan Arte Ederretako ikasle eta irakasle ohiak elkartuko dira ekainaren 15ean, 80ko hamarkadako unibertsitate bizitzari buruz hitz egiteko. 'Edonor denok inor ez' erakusketaren baitan ekimen gehiago egongo dira.

Artium museoak Udaberri Festa antolatu du larunbaterako, ekainaren 15erako. Martxan dago edonor denok inor ez erakusketa, eta irailaren 1a arte egongo da ikusgai Euskal Herriko arte garaikidearen museoan. Erakusketa honen barnean antolatu dute Udaberri Festa, berreskuratu asmo duena Euskal Herriko Arte Ederren fakultateak hasierako urteetan zeukan espiritua. Larunbatean 11:00etatik aurrera elkartuko dira 80ko hamarkadako ikasle eta irakasleak, baina bat egiteko gonbita luzatu diete campusetik azken urteetan igaro diren belaunaldiei ere.

Sergio Rubira, Mikel Onandia eta Leire Bergara komisarioen eskutik dator jaialdia, eta edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991 erakusketaren parte izango da. Nize musika taldearen kontzertuak itxiko du Udaberri Festa, Arte Ederren fakultatean sortutako taldearekin, hain zuzen ere. Sarrera doakoa izango da, edukiera mugatua bada ere.

New Wave Art kolektiboa Artiumen ostiralean

Arte garaikidea eta musika elektronikoaren arteko fusioa proposatzen du New Wave Art, eta ekainaren 14an izango da proposamenaz gozatzeko aukera Artiumen bertan. Doan izango da gazteak museora hurbiltzea helburu duen ekimena, eta bertan izango dira Bambi, Lorea Burge, Elena Barker eta Jorge Lighting. Museoko artea, musika elektronikoa eta performancea uztartuko dituzte, 17:30etik aurrera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago