Gasteizko Udalaren Segurtasun sailak lizitazioa abiatuko du azken belaunaldiko 18 kamera instalatzeko. Trafikoa kontrolatzeko gailuen sarea berritzea du helburu udalak, eta egungo sistema zaharkitua ordezkatuko dute kamera berriek. 18 kokaleku "estrategikotan" 40 kamerako sistema dago orain martxan, baina kamera gehienek 20 urte baino gehiago dituzte, analogikoak dira eta mantentze lanak zailak dira ez daudelako leku irisgarrietan jarrita. Udalak adierazi du "zaharkituak daudela eta ezinezkoa dela horiek ordezkatzea".
Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak adierazi du "trafikoaren monitorizazio sistema berritua legealdirako ezarritako helburu nagusietako bat" dela. Izan ere, sistema berritzea beharrezkoa dela jasota dago 2024ko aurrekontuetarako konpromisoetan. Kamera berriek "operatibitate eta irudi kalitate handiagoa" izango dute, eta zerbitzari zentralizatu baten bidez sartuko dira datuen udal sarean. Hainbat kontrol puntutatik egin ahal izango da bideo seinalearen jarraipena. Ia 150.000 euro bideratuko ditu udalak aldaketa honetara.
Pertsonak kontrolatzeko kamerak
Iñaki Gurtubaik jakinarazi du laster hasiko direla erdigunean instalatzen "bideozaintzarako kamera espezifikoak". 2023. urte amaieran jakinarazi zuen Gasteizko Udalak bideozaintzarako kamera adimendunak jarriko zituela hiriko kale ugaritan, "turismoa eta hiritarren segurtasuna" areagotzeko. Gazte Koordinadora Sozialistak iaz salatu zuen "kontrol sozialerako tresnak" zirela kamera horiek.
Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak adierazi izan du Euskal Autonomia Erkidegoan bideozaintza maila bereziki altua dagoela. Gasteizen 600 kamera inguru dituzte udaltzainek, Zelaietaren arabera. Donostian eta Bilbon, berriz, 350 eta 265 kamera inguru, hurrenez hurren. Argia aldizkarian egindako elkarrizketa batean Zelaietak ohartarazi zuen ezkutuko kamerak ere badituela poliziak, Ertzaintzak kasu honetan. Erkidegoko poliziak "onartu behar izan du, adibidez, Gasteizen meskita baten sarrera zelatatzeko ezkutuko kamerak" daudela jarrita, "etsai berria kontrolatzeko".