Joan den neguan 1.500 uretako hegazti inguruk aukeratu zuten babesleku gisa Salburuko hezegunea. Negu pasa egiten egondako hegazti kopuruarekin 2003ko zifrak berdindu dira, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez.
Hogei espezie ingurukoak izan dira Gasteizen egon diren uretako hegaztiak, eta nahiko egonkor mantendu da espezie kopurua. Horietako batzuek igoera nabarmena izan dute azken urteetan, hala nola, ipar-ahateak, ahate mokozabalak eta kopetazuri arruntak. Hiru espezie hauek bildu zituzten hegazti gehien, 429, 286 eta 219 hegazti, hurrenez hurren.
Beste espezie batzuk, baina, kontrako joera izan dute. Ahate txistulariaren kasuan, bi hegazti bakarrik hauteman dituzte joan den neguan, eta "joera oso beherakorra" izan duela ohartarazi dute udaletik. 2004an, adibidez, 147 ahate txistulari ikusi zituzten Gasteizen. Istingor arrunta eta kaio hankahoriaren kasuan ere bi ale baino ez dira hauteman aurten. Mehatxatutako espezieek ere aurkitu dute babesa Salburuan. Zingira-mirotza, adibidez, negu pasan "modu erregularrean" egon dela jakinarazi dute. Ohikoa izaten da hezeguneetan, baina kopuru txikietan.
Hegaztien jarraipen lan hauek Wetlands International erakundeak koordinatzen ditu mundu mailan. Gasteizek errolda horietan parte hartzen du, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitatearen bidez, 1999an Salburuko hezegunea leheneratu zenetik.