BEOW Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Asteak hitzaldi eta mahai-inguruak ekarriko ditu Gasteizko Europa Jauregira gaurtik 14ra, 18:00etatik 21:00etara. Krisi planetarioaren aurrean gizarteak duen eginkizunari buruz hausnartzeko helburua izango dute solasaldiek. Naturarekin eta bizitzarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte hizlariek ekintzatik, justizia sozialetik eta komunikaziotik.
Zenbait erakunderen ordezkariak egongo dira solasean, hala nola Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia (CSIC), AMVISA, udalerriko uren kudeatzailea, edo Neiker, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea. Halaber, ekainaren 15 eta 16an Klima Azoka jarriko dute Urrezko Zeledonen plazan, kontsumo eta aisialdi ohitura jasangarriei buruz kontzientziatzeko.
Gaur Bidezko mundu bat planeta seguru batean erakusketak hasiera emango dio asteari Europa Jauregian. Nature aldizkarian argitaratutako Lurraren Batzordearen azterketan oinarritutako erakusketa da, gizakiak zibilizazioaren eta planetan bizi den guztiaren etorkizunerako arriskuak nola hartzen ari diren adierazten duena.
Ingurumenaren Euskal Astea Nakusarbe Elkartearen ekimena da, Foru Aldundiko, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroko eta Eusko Jaurlaritzako laguntzarekin abian jarrita, hainbat toki-administrazioekin batera. Halaber, klima azoka Ekoetxea sarearen eta Life Urban Klima 2050 proiektuaren laguntzarekin ospatuko da.