ZAS Kultur Espazioak gazteei zuzendutako doako ikastaroa antolatu du, komikiak egiten ikasteko. Ekainaren 21etik uztailaren 27ra egingo dute udako tailer irekia, komikiak sortzeko oinarrizko tekniketan murgiltzeko, ZAS Kultur taldearen gidaritzapean. Opor hasieran gazteentzako "esperientzia sortzaile eta dibertigarri bat" eskaini nahi izan dute.
Ostiraletan 19:00etatik 21:00etara edo larunbatetan 12:00etatik 14:00etara joateko aukera izango da ZAS espaziora, Bilbo Plazako 2. zenbakian. Haur, nerabe eta familiei zabalik dago proposamena, eta ez da aurrez izena eman behar, baina adin txikikoek lagunduta joan beharko dute. Saio batera edo gehiagotara joan daiteke, eta doan izango dira guztiak. Parte hartzaileek beren istorio grafikoak sortu ahal izango dituzte bertan.
ZAS Kultur Espaziotik adierazi dute gaztetxoekin egin nahi dutela jarduera hau, "harrobia sustatzeko", eta ezagutu dezaten arte eta pentsamendu garaikideari eskainiatako espazio alternatibo hau. Goraipatu dute Gasteizek komikigintzarekin daukan lotura, Atiza elkartea edo TMEO horren adibide. Bi elkarte hauek parte hartzen dute ikastaroan. ZASek antolatzen dituen jarduerak doakoak dira, baina irakasle aritzen diren artistei ordaindu egiten diete.